Bi pertsona etxetik atera dituzte Errabal kalean

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 13a, 13:30

Gaur goizean, bi pertsona etxetik atera dituzte Errabal kaleko 1. atarian, agindu-judizial bat tarteko. 11:00ak aurretik bertaratu da polizia-dispositibo ikusgarria eta 11:00ak aldera iritsi da segizio judiziala. Etxe barrura sartu eta 12:00etarako bukatu dute etxegabetzea, Ertzaintzak esandakoaren arabera, gorabeherarik gabe. Gertakariak ikusmin handia eragin du etxe barrukoen zein bertatik pasatu diren herritarren artean.

10:45 inguruan, Ertzaintza iritsi da Errabal kalera. Bi patrol iritsi dira lehenengo eta 11:00ak aldera, berriz, istiluen kontrako hiru furgoneta. Poliziaz bete da etxepe inguru guztia eta ikusmin handia eragin du horrek.

Ertzaintza han zegoela, segizio judiziala bertaratu da, eta haien esanak jarraituz igo dira hustu beharreko etxera. Ordubete inguruz egon dira bertan baina ez da gorabeherarik izan, Segurtasun Sailaren arabera.

Etxe hustea gauzatu ondoren, etxe barruan zeuden bi gizonezkoak joan egin dira maleta eta guzti. Segidan, etxeari ate akorazatua jarri diote.

EAEko Justizia Auzitegi Nazionaletik esplikatutakoaren arabera, etxe hustea egin dute pertsona horrek alokairua ez duelako ordaindu.

Datu pertsonalen babeserako legearen ondorioz, ez dute informazio gehiago helarazi.

Gero Kalebarrenera

Etxea hustu ondoren, bertan izan diren Ertzainen patrol bi Kalebarren kalera joan dira eta bertako 7. atarira sartu. Ordu laurden-ordu erdi ingurura irten dira bertatik. Baina Segurtasun Sailaren arabera, azken aktuazio horren gaineko informaziorik ez dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.