Presen auzia

Harria pikatzeko mailua urperako egokitu dute eta berriro martxan da

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 19a, 10:20

Egunotan, pikatzeko makina geldi egon da Oleako presa eraisteko obretan. Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen arlotik emandako azalpenen arabera, pikatzeko darabilten mailua urperako egokitzen ibili dira. Hori eginda, gaur, barikua, atzera ere pikatzen dabiltza Oleako presaren manposteriako pareta. Aldi berean, Zuloagako presan jarduteko sarbidea egokitzen ere badihardute.

Gaur, atzera ere Oleako presari zatiak jaten ari zaizkio mailuka hidraulikoa. Egunotan, geldi egon da hura. Urpean ibiltzean, engantxe elektrikoak ureztatu eta ez duelako ibiltzen jarraitzen. Horregatik, egunotan kapsula jarri diote, ura sar ez dakion.

Mailuka behar bezala egokituta, gaur atzera ere hasi dira presaren manposteria pareta zatikatzen. Zabala da Oleako presa eta sakona ere bai. Horregatik, atzeko partera ez ezik, beheraka ere pikatu beharra dagoela azaldu dute Diputazioko Obra Hidraulikoen departamentutik. Halaber, gaineratu dute egunotan eraisketa gainbegiratzen egon den Arkeolan Fundazioko arkeologoak ikusi duenez, eraisten ari diren paretak ez du balio arkeologikorik.

Emandako xehetasunen arabera, harriaren gogortasuna ere orain desberdina da eta horrexegatik hasieran presaren eraisketa bizkorrago joan zen eta orain mantsoago doa. Kontuak kontu, badihardute pikatzen eta datozen egunotan horretantxe segituko dute.

Aldi berean, Zuloagako presa eraisteko ibairako sarbidea egokitzen ere badabiltza.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.