Soraluzeko parrokiatik azaldu dutenez, Udalaren eskaera ez onartzeko hainbat arrazoi eman zituzten eliztarrek: “Batzuek esan zuten eurak molestatzen zituena zela kanpairik ez entzuteak, alegia, ez zitzaiela gustatzen kanpairik ez entzutea. Beste batzuek esan zuten beste zarata batzuk ere badaudela herrian eta zarata horiekin bizi garela, zaborren kamioienak, zama-lanak egiten dituzten kamioienak… Beste batzuek esan zuten, kanpaiak ez direla zarata, doinua, baizik. Beste batzuek esan zuten legearen arabera, zaraten neurketa aintzat hartu behar dela etxeak elizaren kolindanteak diren kasuetan eta Soraluzeko kasuan, ez dela horrela. Eta beste batzuek esan zuten legeak esango baligu kanpaiak kendu egin behar direla, ba orduan bai kendu egingo ditugula”.
Parrokiatik esandakoaren erabera, Udala dagoeneko jakitun da parrokian hartutako erabakiaz, eta astelehenean, aurrez aurre elkartuko dira alkatearekin gaiari buruz berba egiteko.
Zarata mailaren neurketa
Soraluzeko Udalak uztailaren 17an jakinarazi zuen uda garaian gauez kanpairik ez jotzeko eskaera egin ziela elizako ordezkariei. Udalak gogorarazi zuenez, hainbat herriarrek eskaera hori elizari berari zein udalari helarazi zioten, eta Arartekora ere jo zuten. Azken horrek, idatzi baten bidez, elizako kanpaiek eragindako eragozpenak direla eta, indarrean dagoen araudiaren arabera egin dituen edo egin asmo dituen jarduerei buruzko argibideak eskatu zizkion udalari.
Udalak gaineratu zuenez, kanpaien hotsa araudiak zehaztutakoaren barruan zegoen ala ez jakiteko, kanpaien hotsen txosten teknikoa egitea erabaki zuen. Xehetasunen arabera, azterketa tekniko eta txosten hori aditua den enpresa batek egin zuen, eta horretarako, herriko hainbat puntutan egin ziren soinu-neurketak; bai kalean, baita etxebizitza partikularren barnean ere.
Udalaren esanetan, neurketa haren arabera, Soraluzeko elizako kanpaiek ateratzen duten hotsak ez ditu betetzen Zarataren 37/2003 Legeraren 1367/2007 Errege Dekretuak (neurketa horietan aplikatzen den prozedura da) eta Euskal Autonomia Erkidegoko 213/2012 Dekretuak ezarritako muga-balioak. Eta horren ondoren eskatu zion Udalak parrokiari kanpaiak isil ditzan.