Lore eskaintza Karakaten Asier Heriz eta Iñaki Saez oroitzeko

Egoitz Unamuno 2025ko ira. 17a, 08:25

Domeka eguerdian, Asier Heriz eta Iñaki Saezen senide eta lagunek 2001ean Avilarako espetxera bidean hil ziren bi herritarrak oroitzeko lore eskaintza egin zuten Karakaten. Argazkiak: Jon Irisarri. 

"Hogeita lau urte bete dira dispertsio politika madarikatuaren ondorioz istripu latz hura gertatu zela, Asier eta Iñakiren bizia eroan zuena eta Irantzu larri zauritu zuena", adierazi zuten domeka eguerdian, "errekonozimenduagatik eta oroimenak bizirik iraun dezan" Karakaten antolatu zuten ekitaldian. Bertan, nabarmendu zuten bi herritarrek "euskararekin, berdintasunarekin, naturaren defentsan eta preso iheslari eta deportatuekin" izan zuten konpromezua eta "borrokan eta lanean" jarraitzeko asmoa adierazi zuten "azken errepresialiatua etxeratu arte". 

Txalaparta, dantza eta bertsoak izan ziren oroimen ekitaldian eta azkenik, bertaratu ziren dozenaka herritarrek krabelinak laga zituzten duela urte batzuk bi herritarren oroimenez landatutako pagoaren oinetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.