Gaur, astelehena, 41 lagunek babestu dute Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak deitutako elkarretaratzea. Gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzea eskatzen duen Herri Ekimen Legegileari (HEL) Eusko Jaurlaritzak emandako erantzuna izan dute hizpide nagusi.
16.000 bakarrik DSBEan
Erantzun horren baitan, “bitxia” iruditzen zaie “8 puntu ematea DSBEak, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak, pentsiodunei diru-sarrera duinak bermatzeko behar diren mekanismoak dituela frogatzen saiatzeari, eta bakar batean soilik azaltzea HELak arriskuan jar lezakeela finantza publikoen iraunkortasuna”.
Gaineratu dutenez, “DSBEak ez dio pentsiodunen errealitateari erantzuten. Gizarte Segurantzan euskal herritarren 56.000 kotizaziopeko pentsio daude, gutxienekoetarako osagarriak jasotzen dituztenak, eta DSBEan 16.000 baino ez daude, kasu honetan kotizazio gabekoak barne. Zenbakiek dena esaten dute”.
Finantza publikoei Jaurlaritzak egiten dien aipamenaren harira, berriz, gogora ekarri dute aurrekontuak ez direla bakarrik gastuak, “sarrerak eta gastuak baizik”, eta, kasu horretan, “garrantzitsuena” iruditzen zaie iparra diru-sarreretan jartzea: “Azken 15 urteetan Sozietate Zerga %40 eta %14 artean murriztu da. Zerga hori oporretara joan da, opor fiskaletara. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ) eta BEZaren artean, bildutakoaren %76,3 estaltzen dute, eta Sozietate Zergak %6,9 estaltzen du; gainerako %8a beste zerga batzuekin estaltzen da”.
Aberastasuna banatu
Bestalde, salatu egin dituzte “banku handiek” izan dituzten “etekin eskandalagarriak” eta uste dute “aberastasuna modu ekitatiboan” banatu behar dela, “ezinbestekoa” delako “langileen, pentsiodunen eta beste herri-sektore batzuen bizi baldintzak hobetzeko”.
Datutan, esan dute. Espainiako Estatuko sei banku handiek (Santander, BBVA, CaixaBank, Sabadell, Bankinter eta Unicaja) 17.086 milioiko mozkina lortu dutela aurtengo lehen seihilekoan,iaz baino %11,8 gehiago eta aldiz, pentsioak %2,8 eta soldatak %3 igo dira bakarrik.
Horregatik guztiagatik berretsi egiten dute Herri Ekimen Legegilearekiko defentsa eta herritarrei dei egiten diete irailaren 25ean Gasteizen egingo den manifestaziora joan daitezen. 10:30ean abiatuko da han. Beraz, Soraluzetik 09:00ak inguruan irten beharko dira. Joan nahi duenak ahalik eta lasterren eman behar du izena (Etzozi).