Ezozibideko ur filtrazioak eta "biribilgunea" hizpide izan ziren osokoan

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 12a, 12:17

Atzoko udalbatzarrean aurreikusita zeuden puntuez aparte, beste bost gai ere landu ziren, bileraren amaieran EAJ-PNVk mahai-gaineratutako galdera-kezka bitartez. Horietako bat izan zen Ezozibideko urbanizazio-lanak eta hango zenbait ataritan gertatu diren ur-filtrazioak. Iker Aldazabalen galderei erantzunez, Unai Larreategi alkateak jakinarazi zuen neurriak hartuko direla ikusitako arazoak konpontzeko.

Atzoko osoko bilkuran EAJ-PNVko bozeramale Iker Aldazabalek Ezozibideko lanekin lotutako bi kezka helarazi zizkion Unai Larreategi alkateari.

Batetik, auzoko zenbait komunitatetan detektatu diren ur-filtrazioei buruzko kezka. Aldazabalek gogorarazi zuen justu auzoan egiten ari diren urbanizazio lanen abiapuntua izan zela zenbait auzotarri espaloietatik hezetasuna sartzen zitzaiela.

Aldazabalen esanetan, horiek konpontzeko bidea lantzen hasi, eta, azkenean, lortutako 5’8 milioi euroko finantziazioari esker egiten dabiltza Ezozibideko obra handia: igogailuak jarri, espaloiak aldatu, berrurbanizatu… Baina, orain, filtrazioak izan dira eta obrak bukatu aurretik horiek konpondu egin behar direla uste du ordezkari jeltzaleak.

Urari bidea egin

Hari erantzunez, Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, lurpean tela asfaltikoa jarri dute baina urari ez diote irteteko biderik egokitu. Horren ondorioz, zenbait lekutan bainera efektua sortu eta ura barrura sartu da. Gaineratu zuenez, ura drainatzeko neurriak planteatuko dituzte.

Puntu horretan, Iñaki Rubio zinegotzi sozialistak hitza hartu zuen esateko zenbait lan ez dituztela modu egokienean egin eta horren ondorio ere izan litezkeela filtrazioak. Gaiarekin lotuta, Patricia Borinaga sozialistak harridura erakutsi zuen filtrazioak lehenago detektatu ez izanagatik, kontuan hartuta, teknikari adituek astean behin egiten dutela obretara bisita.

Kontuak kontu, egoeraren jakitun, hurrengo asteko Hirigintza batzordean ere landu behar dute gaia, arazoari soluzioren bat emateko helburuarekin.

Biribilgunearen kontua

Bestalde, auzoko urbanizazio-obrekin lotuta, zenbait herritarrek berari helarazitako kezkak partekatu zituen Iker Aldazabalek. Hain justu, auzoko biribilguneraino eraikitzen ari diren “mingainarekin” lotuta, kezka da ea zelan moldatuko diren autobusak eta kamioiak bertan buelta emateko.

Bada, horrekin lotuta, Unai Larreategi alkateak esplikatu zuen “mingain” horren zati bat zapaltzeko modukoa izango dela. Gaineratu zuenez, oro har, auzoan errepidea nahita estutu eta errebuelta berriekin osatu dute, han ibilgailuak abiada handiegian ibiltzen direnez, jarritako trabekin abiada moteldu dezaten. Zentzu horretan, gezurtatu egin zuen kalean zabaldu den zurrumurruetako bat, bertan semaforoa ipiniko dutela, alegia. Esan zuen, pasatzen uzteko seinale bitartez erregultatuko dela zirkulazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.