%3ko igoera orokorra izango dute udal zergek, zaborraren igoera zehaztea falta da baina

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 12a, 09:54

2026an, Soraluzeko udal zergek %3ko igoera orokorra izango dute. Baina igoera horretan zenbait salbuespen izango dira; besteak beste, zaborraren tasak igoera handiagoa izango du. Urrian zehaztuko da zenbatekoa, Debabarreneko Mankomunitateak berea jakinarazten duenean. Atzo, eguena, onartu zuen hori guztia ezohiko deialdiarekin egin zen udalbatzarrak. Udal Gobernuaren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin onartu zen Ordenantza Fiskalen aldaketa.

Atzo, eguena, alkatetzaren dekretuen berri eman ondoren landu zuen udalbatzarrak 2026ko Ordenantza Fiskalen aldaketa proposamena.

Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, iazko Ordenantza Fiskalak onartzeko prozesua sakona izan zen, hainbat arlotan azterketak egin, eta proposamenak eta bestelakoak landu zituzten alderdi guztien artean, oinarri sendoa jarriz. Iaz egindako lana ondo asentatuta lagata, aurten, urtean zehar ukitzeko zegoena ikusi eta konpontzekoak begiratu eta horiexek gehitu dituzte Ordenantza Fiskalen aldaketa proposamenera.

Laburbilduz, eta orokorrean begiratuta, 2026ko tasetarako eta zergetarako erabiliko duten igoera orokortua izango da %3, azken bi urteetako abuztu arteko KPIaren bestekoa. Baina zenbait salbuespen izango dira, besteak beste, zaborraren tasan.

Zaborraren tasa urrian

Puntu horri dagokionez, alkateak gogorarazi zuen moduan, iaz igoera handia etorri zela Europatik eta, besteak beste, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari tasa berezi bat ipini zitzaiola. Soraluzeko Udalean erabaki zuten igoera horrek herritarrengan izango zuen eragina bi urtean banatzea eta iaz, %2a geratu zen aurten aplikatzeko. Larreategik gaineratu zuenez, Mankomunitateak oraindik ez du jakinarazi zenbateko igoera zehatza izango den aurten, baina Udal Gobernuak planteatu zuen Mankomunitateak proposatuko duen igoera horri %2a gehitzea Soraluzeko zaborraren tasan.

Azaldu zuenez, urrian egingo du Mankomunitateak datorren urteko aurrekontua onartzeko batzarra eta orduan jakinaraziko dute zein izango den igoera, baina puntua onartutzat ematea proposatu zuen.

Beste bi salbuespen

Zaborrarenaz aparte, tasetan izango diren beste bi salbuespen txikiren berri ere eman zuen alkateak.

Batetik, garabiaren zerbitzua 217 eurotik 250 eurora igoko da. Kasu horretan, garabi zerbitzua erabiltzen da txarto aparkatuta dauden edo erretiratu behar diren kasuetan erretiratu barik lagata dauden ibilgailuak kentzeko, eta, horren kostua pasatzen zaio ibilgailuaren jabeari. Alkateak jakinarazi zuenez, igo eginda zerbitzuaren beraren kostua eta aktualizatu egingo dute kopurua.

Bestetik, istripu kasuetan Udaltzaingoari eskatzen zaion atestatua doakoa izango da aurrerantzean. Larreategik esplikatu zuenez, auto batek istripua izaten duenean, aseguruari parte emateko, Udaltzaingoari eskatzen zaio atestatu txiki bat; orain arte, eskatzaileak 40 euro ordaintzen zuen zerbitzu horrengatik. Baina orain, Espainian onartu den lege baten arabera zerbitzu hori ezin da kobratu, beraz, hori aplikatu egingo da Soraluzeko ordenantzetan eta aurrerantzean ez da kobratuko.

Gehiengo zabala alde

Ordenantza Fiskalen aldaketaren gaineko puntua bozkatzerakoan, alde bozkatu zuten Udal Gobernuko zein PSE-EEko zinegotziek eta abstenitu egin ziren, berriz, EAJ-PNVko udal ordezkariak.

Boto azalpenean, Patricia Borinaga sozialistak esplikatu zuen kontziente direla iaz egindako lanaz eta eurek egindako zenbait proposamen onartu egin zituztela. Baina, gaineratu zuenez, eurentzat garrantzitsua da diru-sarrera munizipalak bermatzea eta horrexegatik eman zuten aldeko botoa. Hori bai, esan zuen beste kontu bat izango dela aurrekontuen proposamenean diru sarrera horiek zelan banatzen diren, baina momentuz, sozialisten ustez, garrantzitsuena da diru sarrerak bermatzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.