- 10 urte ya; erraz pasatu zaizu denbora ala gogorra egin zaizu ibilbidea?
- Badaude momentu gogorrak, baina egia esan, ez nuke esango 10 urte pasatu direnik. Azkar pasatu zaizkit.
- Aurrera begira indartsu?
- Bai, gutxienez, beste 10 urte egitea nahiko nuke, behintzat. Gogoekin.
- Ikusten da geroz eta gehiago saltokiak ixten direla hemen eta inguruan, baina zuk ikusten duzu aukera aurrera egiteko?
- Bai. Uste dut jendeak geroago eta gehiago erosten dituela halako produktuak, jendea gehiago zaintzen dela -edo saiatzen da- eta gehiago erosten direla produktu naturalak. Bestalde, egia da Interneten dagoela konpetentzia handia baina badago, baita ere, dendetara erostera etortzea gustatzen zaion jendea.
- Zelako eskaintza dauka Triskelek?
- Kosmetika naturala, higiene pertsonaleko gauzak, elikagai ekologikoak, fitoterapiarekin lotutako produktuak -probiotikoak, zirkulazioarendako gauzak, gibela garbitzeko produktuak…- detox egiteko, proteina hautsa -gimnasiora doazenek erabiltzen dutena-, makillaje naturala…
- Zerbitzuak ere badituzu, ezta?
- Bai, masaje zerbitzua, presoterapia, maderoterapia, intolerantzia test-ak egiten ditugu eta dietak ere lantzen ditut. Zerbitzu batzuk emateko kanpotik datoz zenbait profesional. Eta bihar, urteurrenean zerbitzu berri bat aurkeztuko dut.
- Zerbitzuek ordutegi zabala dute, ala?
- Bai, datozen profesionalak egun osoan egoten dira.
- Zu zelan animatu zinen belardenda zabaltzera?
- Dietetika ikasi nuen eta nire tio Jose Marik zeukan belardenda Compostelako Santiagon. Beti gustatu izan zait mundu hau eta baneukan aurrerago zerbait zabaltzea pentsatuta. Sasoi hartan, arropa denda batean nengoen lanean, 22 urte nituen eta oso gaztea nintzen, baina aitak animatu egin ninduen. Eta joan nintzen hiru hilabetez ikastera tiorekin, ze dietetikaz aparte, mundu hau oso zabala da. Santiagon egon nintzen bitartean, nire gurasoek obra egin zuten hemen eta bueltatu nintzenean denda zabaldu nuen irailean.
- Zelako bezeroak dituzu?
- Denetarikoak, helduak, gazteak… geroago eta gazte gehiago. Sare sozialetan asko ikusten dira gauzak, gazteek, bereziki, Instagramen, eta, hori ere aprobetxatzen dugu.
- Beraz, Soraluzen egin daiteke lan dendari moduan…
- Bai. Akaso ez da Eibarren bezain erraza, baina era berean, hemen konpetentzia gutxiago dugu. Zailagoa da hemengo jendea kanpora erostera joaten bada, baina saiatzen gara hemen geratzen eta zerbitzuari eusten.