“Gobernuaren erabakia iseka da”

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 9a, 10:35

Atzo, astelehena, mobilizaziorako deia egin zuen pentsiodunen mugimenduak. Eusko Jaurlaritzak “HELa (Herri Ekimen Legegilea) izapidetzeko onarpena eragozteko” hartutako erabakiaren aurrean deitu ditu herritarrak protestara. Pentsiodunen mugimenduaren ustez, gobernuaren erabakia “iseka da jasotako 145.000 sinadurentzat” eta “pentsaezina” iruditzen zaie “Legebiltzarraren ateak ixtea (…) herritarrek legegintza-dinamikan parte har dezaten sustatzeko egindako ekimen bati”.

Haserre daude pentsiodunen mugimenduan Eusko Jaurlaritzak plazaratutako erabakiarekin. Hain justu, Jaurlaritzak ez du tramitera onartu nahi gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko eskatzen duen Herri Ekimen Legegilea (HEL).

Legebiltzarrak Jaurlaritzaren erabakia onartuz gero (litekeena da, EAJ-PNV eta PSE-EE gehiengo baitira) pentsiodunen mugimenduen eskaera hori eztabaidatu ere ez da egingo Legebiltzarrean. 

Bada Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduarentzat erabaki hori “iseka” da HELaren alde “jasotako 145.000 sinadurentzat, sindikatuentzat, ehunka erakunde sozial eta feministentzat eta gizarteko ia 300 pertsona garrantzitsurentzat”. Halaber, “pentsaezina” iruditzen zaio “Legebiltzarraren ateak ixtea araugintza-baldintza guztiekin eta herritarrek legegintza-dinamikan parte har dezaten sustatzeko egindako ekimen bati”.

Egoera horren aurrean, mobilizaziorako deia egin diete herritar guztiei: “Pertsona, pentsiodun, langile, gizon, gazte eta emakume guztiei EAEko Legebiltzarrean HELa eztabaidatzea eta bozkatzea eragozten duen erabaki horren aurka ager daitezen, eta manifestazioetara deitzen dugu gobernuak bere jarrera berriz azter dezan eta HEL tramitera onartzearen alde egin dezan”.

Manifestazioak irailaren 20an izango dira, Bilbon, Donostian eta Gasteizen “Gobernuari eta alderdiei, EAJri eta PSEri, gure HELa EAEko Legebiltzarrean izapidetzeko onartzearen alde bozka dezaten eskatzeko”. Irailaren 25erako, berriz, Gasteizen egin dute hitzordua, egun horretan egin behar duelako Legebiltzarrak osoko bilkura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.