Zapatuan, Beteranoen Eguna

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 8a, 09:38

Zapatuan, Beteranoen Eguna egingo dute Ezoziko futbol zelaian SoraGazteak Rugby Klubaren eskutik. Enekoitz Igartua klubeko ordezkariak esan duenez, aurten, 10, 12, 14 eta 16 urtez azpiko mailak izango dituzte, eta beraz, kategoria gehiago izango dira ikusgai topaketan; gainera, “tradizioari eusteko”, jokalari beteranoak ere bertaratuko dira. 11:30ean hasiko dira partidak. Rugby klubak herritarrak gonbidatu ditu ikustera zein elkarrekin jokatuko duten partidan parte hartzera. -Barruan asteburuko errifaren emaitza-.

Zapatuan, 11:30ean hasiko da Beteranoen Eguna Ezoziko futbol zelaian. Besteak beste, bertan izango dira Eibarko Putre Zaharrak taldeko, Iruñeko Sai-Zaharrak-La Ünica, Bera-Berako zein Katalunia aldeko Alellako beteranoak. Eta haiei gehituko zaizkie herriko jokalari ohiak.

Errugbi topaketan hiru partida jokatuko dituzte, 20 minutukoak. Lehen bi zatietan elkarren kontra jokatuko dute beteranoek. Azken 20 minutuak, berriz, gurasoen, jokalarien, umeen, entrenatzaileen… artean bi talde osatu eta partida jokatuko dute.

Herritarrendako gonbidapena

Topaketa borobiltzeko, frontoian paella-jana egiteko asmoa dute, Enekoitz Igartua SoraGazteak Rugby Klubeko ordezkariak jakinarazi duenez, aurreikuspena da 60 bat lagun elkartuko direla. Halaber, Igartuak soraluzetarrak ere animatu nahi ditu bertaratzera. “Ez bakarrik gazteak eta kirolzaleak, helduendako aukera ere badago”, ikusteko zein parte hartzeko, “ze azkeneko partidan ez da behar ezer, ondo pasatzeko gogoa bakarrik”, dio. 

Zenbaki irabazlea

Bestalde, asteburuan errifak saltzen ibili dira SoraGazteak Ruby Klubekoak. Enekoitz Igartuak esan du klubeko gastuei aurre egiten laguntzea dela helburua. Esplikatu duenez, aurtengo denboraldian lau kategoria izatean, desplazamenduak ugaritu egin dira eta horiek bermatzea dute helburu. Gainera, 16 urtez azpikoak federatuta daudela-eta, Igartuak esan du saiatuko direla ere haien fitxen zati txiki bat klubak bere gain hartzen eta hartara, “errugbian jarraitzea erakargarriagoa egiten”.

Hona hemen zenbaki sariduna eta erreserbakoa. Barikuan saldu zen. Irabazlea Igartuarekin jarri behar da harremanetan: 676890475. 15 egun ditu horretarako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.