Asteleheneko protestaren bitartez, besteak beste, salatuko dute “erakunde sindikal guztien, ehunka erakunde sozial eta feministaren eta 145.000 sinadura baino gehiagoren babesa lortu ondoren, orain ekimena bertan beherako utzi” nahi dela, “izapidetzeko onartu eta Eusko Legebiltzarrean eztabaidatu ahal izateko eskubidea ere ukatuz”.
Gogora ekarriko dute Herri Ekimen Legeilearen bitartez lortu nahi dela gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osa dezala Jaurlaritzak. Eta Jaurlaritza ekimena eztabaidatzearen kontra azaltzean, uste dute “Autonomia Estatutuan aurreikusitako eskumen baten utzikeria nabarmena” ematen dela, hain zuzen, “Pentsioak Osatzeko Euskal Sistema sortzea, Zerbitzu Juridikoek eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiak ziurtatu zuten bezala”.
Halaber, uste dute “onartezina” dela “pentsiodun prekarioenentzat baliabide ekonomikorik ez dagoela esatea, enpresa handientzat itzuli beharrik gabeko ehunka milioi euro banatzen diren bitartean”.
Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu ala ez erabakitzea Eusko Legebiltzarrari dagokio, baina kontuan hartuta EAJ-PNVk eta PSE-EEk dutela gehiengoa, pentsatzekoa da Legebiltzarraren erantzuna ere berbera izango dela. Horregatik pentsiodunen mugimenduak dio “agerikoa” dirudiela “EAJk eta PSE-EEk herritarren parte-hartzearen aurkako harrapaketa hori ahalik eta azkarren burutzea erabaki dutela”. Horren aurrean, adierazi dute “pentsiodunen mugimenduak” ez duela “etsiko eta erantzungo” dutela.