Zabalik dago Marraskilo Tourren izena emateko epea

Ubane Madera Zangitu 2025ko ira. 3a, 09:01

Guraso eta ume taldea iazko Marraskilo Tourren. Argazkia: Ander Gomez.

Urriaren 4an izango da Marraskilo Tour eta zabalik dago bertan izena emateko epea. Bi ibilbide izango dira: osoa, 35 kilometrokoa eta erdia, 20 kilometrokoa. Kirolprobak.com atarian eman behar da izena irailaren 27a baino lehen. Ohartarazi dute 150 lagunendako lekua izango dela online, baina egunean bertan ere eman ahalko da izena. Antolatzaileek jendea animatu nahi dute ibilbide osoa egitera, Marraskilo Tourren sorrera hortik baitator, “herriari itzuli osoa egitetik”.

Urriaren 4an, Marraskilo Tourreko ibilbide luzea egingo duten mendizaleak 06:00etan abiatuko dira Plaza Berritik. 35 kilometroko bidea izango dute eta 1.800 metroko desnibela. Ibilbide erdia egingo dutenak, berriz, 08:00etan abiatuko dira Plaza Berritik, 20 kilometroko bidea izango dute eta 1.000 metroko desnibela. Bidean boluntarioak izango dira partaideendako jan-edana partitzen anoa puntuetan.

Parte hartu nahi duenak irailaren 27ra arte dauka izena emateko epea Kirolprobak.com atarian. 15 euro ordaindu behar dute Soraluzeko Mendi Taldeko bazkideek eta 20 euro, berriz, bazkide ez direnek. Horrez aparte, urriaren 4an bertan ere bada izena emateko aukera ibilaldiaren irteera puntuan. Kasu horretan 30 euro kostatuko da izen-ematea.

Aurten, Kirolprobak atarian 150 lagunendako lekua izango dela ohartarazi dute. Handitu egin dute kopurua, iaz, 120 lagunendako lekua izan baitzen. Dena den, esandakoa, egunean bertan ere eman ahal izango da izena.

Osorik egiteko deia

Bestalde, antolatzaileek esan dutenez, poliki-poliki gutxitzen dabil Marraskilo Tourren ibilbide osoa egiten duten partaideak eta berez, Marraskilo Tour herriari buelta ematen dion ibilaldi modura jaio zela kontuan hartuta, mezua zabaldu nahi dute herritar gehiago anima daitezen ibilbide osoa egitera.

Honako idatzia helarazi dute:

"Marraskilo Tour osorik egiteko deia:

Antolakuntzaren partetik jendea animatu nahi da Marraskilo Tour osorik egitera, Marraskilo Tourren sorrera bera hortik baitator, herriari itzuli osoa egitetik.

Azken urteetako joera da geroz eta jende gehiagok erdia egitea eta geroz eta gutxiagok osoa, nahiz eta erdia egiten duen jende askok gaitasuna izan buelta osoa egiteko.

Marraskilo Tour ez da lasterketa bat, anoa guneak, ordutegiak, markajeak… dena oinezkoen erritmora dago antolatuta; nahi duenak korrika ere egin dezake, baina inoiz gertatu da korrikalariren bat guneak prestatu baino lehen iristea.

Herriari itzuli osoa egitea da erronka, eta gainera, lehenengo zatia gehiengoarentzat parte ezezagunena da, eta gauez hasi, isiltasunaz gozatu, Krabelinaitz inguruan eguna argitzen ikusi… Merezi du benetan!”

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.