Hezkuntza eta Ingurumen teknikariak behar ditu Soraluzeko Udalak

Ubane Madera Zangitu 2025ko abu. 22a, 08:52

Soraluzeko Udaletxea atzo, eguena.

Soraluzeko Udalak bi lanpostu betetzeko deialdiak argitaratuta ditu. Batetik, Hezkuntza teknikaria behar du, Hezkuntza plan estrategikoa 2025-2027 proiektua aurrera eramateko. Bestetik, Ingurumen teknikaria behar du, Ibai paisaiaren plan integrala eta hondakinen kudeaketa proiektua aurrera eramateko. Bi kasuetan, bi urterako eskaintzak dira.

Hezkuntza teknikariari dagokionez, Hezkuntza plan estrategikoa 2025-2027 izeneko proiektua aurrera eramateko kontratatu nahi du, zehazki, honako zereginak betetzeko:

  • Herriko hezkuntza proiektua eguneratzea bertako hezkuntza eragileekin koordinatuta.
  • Hezkuntza proiektuak diseinatzea eta kudeatzea.
  • Proiektuen jarraipena eta ebaluazioa.
  • Hezkuntza mahaia antolatzea eta dinamizatzea.
  • “Haurren eta gazteen kontseiluak” tokiko proiektua dinamizatzea
  • “Oinherri-Herri hezitzaileen sarea” sarean koordinatzea
  • Herriko hezkuntza ez-formalaren azterketa eta diseinua egitea.

Bete beharrekoak

Bete beharreko baldintzen artean, berriz, honako biak daude:

  • Unibertsitate-gradua edo espezialitate hauetako baliokidea izatea: Pedagogia, Gizarte Hezkuntza, Irakasletza, Soziologia, Psikopedagogia, Psikologia, Gizarte langilea, Antropologia edo antzekoak.
  • Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean euskararen 3. Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea.

Ingurumen teknikaria

Ingurumen teknikariari dagokionez, berriz, Ibai paisaiaren plan integrala eta hondakinen kudeaketa izeneko proiektua aurrera eramateko behar du, batik bat honako zereginak betetzeko:

  • Ibai inguruneko plan integrala sorkuntza prozesua koordinatzea.
  • Plana osatutakoan udalerrian nola gauzatu aztertzea eta koordinatzea.
  • Hondakinen kudeaketa sistema hobetzeko neurriak koordinatzea.
  • Neurri berriak ezartzerakoan beharreko plangintzak komunikazioa eta jarraipena bermatzea

Bete beharrekoak

Bete beharreko baldintzen artean, berriz, honako biak daude:

  • Unibertsitate-gradua edo espezialitate hauetako baliokidea izatea: Biologia, Geologia, Ingurumen Zientziak edo antzekoak.
  • Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean euskararen 3. Hizkuntza eskakizuna egiaztatuta izatea.

Bi lanpostuen kasuetan, eskaerak Lanbiden egin behar dira.

Bi lanpostu eskaintza horiek joan den uztailaren 29an, alkatetzaren dekretu bidez erabaki zuten argitaratzea. Bi kasuetan, arrazoia da gaur egun, Soraluzeko Udalak ez duela Hezkuntza  zein Ingurumen teknikarien lan poltsarik eta planaren indarraldia bi urtekoa izango dela –urtebetez luzatzeko aukerarekin-, horregatik, beharrezkoa da deialdia egitea, dagokion hautaketa prozesua egin eta lan poltsa bat osatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.