Begoña Ariznabarreta elkarrizketatu dute Sancho el Sabioren podcast batean

Egoitz Unamuno 2025ko abu. 8a, 15:11

Begoña Ariznabarreta aitaren argazkia eskutan. Argazkia: Iztiar Ugartemendia.

Badira urte batzuk Begoña Ariznabarreta Orbeak (Soraluze, 1953) 1936ko gerraren ingurukoak ikertzen diharduela, bere aitak, Luis Ariznabarreta Zubiaurre 'Espilla' miliziano plazentizatarrak lagatako eskuizkribuetatik abiatuta. Hala, 2024an, Gerra Zibila: trauma, dolu eta memoria lekukotza azterlana argitaratu zuen eta 2025ean, berriz, Buscando a Chang. Un chino en el ejercito vasco liburua. Hain zuzen, Begoñak bi argitalpen horiek eta ikerketa lan osoaren nondik norakoak izan ditu hizpide Sancho el Sabio Fundazioak egin dion elkarrizketa mamitsuan. Elkarrizketa entzungai dago Memorias de la Guerra Civil podcastean.   

Podcastak ordu eta erdi inguru irauten du eta lau atal ditu, hiru gaztelaniaz eta bat euskaraz. Lehen atalean edo sarreran, Isabel Mellenek ahotsa jarri dio HweiRu Ni ikertzaile txinatarrak idatzitako kazetaritza artikuluari, non kontatzen duen nola sartu zen harremanetan Begoña Ariznabarretarekin Asturiasko frontean bere aitarekin borrokatu zen boluntario txinatarraren istorioa berreraikitzeko. Bigarren atalean, Begoñak bere ikerketa lan nagusien berri eman du, batetik, Chang Aking brigadista txinatarraren ingurukoak kontatuz eta bestetik, eta, batez ere, aitak gerran eta gerra osteko urteetan bizitakoaren berri emanez. Hirugarren atalean, euskaraz, Chang Aking brigadistaren ibilbidearen gainean jardun du, xehetasun gehiagorekin. Azkenik, Jesus Zubiaga Sancho el Sabio Fundazioko zuzendariak azaldu du nola garatu den ikerketa hau fundazioaren laguntzarekin eta nolakoa izan zen berriki Hwei-Ru Ni eta Len Tsou ikertzaile txinatarrek fundazioaren egoitzara egin zuten bisita.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.