Luis Ariznabarreta “Espilla” (Soraluze 1915 - Gasteiz 2003)

Egoitz Unamuno 2021ko uzt. 2a, 13:04

Luis Ariznabarreta Zubiaurre “Espilla” Soraluzen jaio zen, 1915eko urrian 29an. Ariznabarretatarrak jatorriz Espilla baserrikoak izanik (Ezozi auzoan), jatorrizko  baserriaren izenez deitzen zioten. 

Haurtzaro zoriontsua

Lau anai-arrebetan zaharrena zen Luis eta berak kontatu zuenez haurtzaro “zoriontsua” izan zuen Plazentzian. 
Sei urte zituela hasi zen eskolan, fraileekin eta hantxe entzun zituen gaztelerazko “lehen berbak”. 
Zazpi urterekin kanturako frogak egin zizkioten korurako, eta Migel Olaizolarekin batera aukeratu zuten solista moduan jarduteko. Flauta jotzen ere ikasi zuen eta liberalen bandan jo zuen 3 urtez. 

Miliziano gerran

Gaztetan, Juventudes Socialistas Unificadas-eko eta UGTko kidea izan zen. 1936an, hogei urte zituela, boluntario moduan joan zen gerrara, herritarrek sortu zuten Compañia Placentina milizian eta gero Amuategi batailoian. Gerra galdu ostean, lau urte luze egin zituen preso. 

1956an, Gasteizera

1945ean, Rosita Orbea Gallastegi osintxuarrarekin ezkondu zen Plazentziara eta 1956an, artean lau seme-alabako familiarekin, Gasteizera jo zuen bizitzera, plazentziatarren Hermanos Zabaleta lantegian kontratatuta. Geroztik, familia Gasteizen bizi izan zen eta zortzi seme-alaba izan zituzten, tartean, azken alaba, Esther, Down sindromearekin jaio zena eta bere “pozik handiena” bihurtu zena.

Eusko Alkartasunako kide

1977an EAJn afiliatu zen eta 1986an, berriz, EAJ zatitu zenean, Eusko Alkartasunako kide egin zen.  
Zahartzaroan ere kantatzeko eta ikasteko grinari eutsi zion, asko irakurriz eta kantatuz. Gudari eta miliziano izandakoen solasaldietan parte hartu zuen eta EAko abesbatzan kantatu ere bai. 
Hil baino hiru urte lehenago Alzheimerrak jo zuen eta 2003ko abuztuaren 23an hil zen, 86 urte zituela.