Akelarre musika taldea Soraluzen sortu zuten 70. hamarkadan, Juan Luis Ibarzabal 'Juantxo' plazentziatarrak eta 33 urteko ibilbidea egin zuen 2005era bitartean. Garai hartan euskara hutsezko errepertorioaren alde egin zuen lehen musika taldeetako bat izan zen Akelarre, doinu propioak eta ingelesezko taldeen bertsioak euskaratuta. Guztira, 16 disko argitaratu zituzten. Adituen esanetan, Euskal Herriko plaza talderik arrakastatsuena izan zen, Hegan taldearekin batera. Taldekideek kontatu zutenez, sasoi batean, urtean 150 kontzertu eskaintzera ailegatu ziren.
Irudian, grabazio lanak Aian. Iturria: Bideografik.
Aurten, taldea desagertu eta hogei urtera, "Akelarre bueltan da" lelopean, Durangoko Bideografik ekoiztetxeak taldearen ibilbidearen errepasoa jasotzen duen dokumentala iragarri du. Azken hilabeteetan, grabaketa lanak egin dituzte Astigarragako Oialumen, Aian, Amezketan eta Usurbilen eta behin-betiko emaitza aurtengo udazkenean estreinatuko dute. Ekoiztetxeko arduradunek Plaentxia.eus-i jakinarazi diotenez, Soraluzen ere proiektatuko dute dokumentala, "seguruenik, abendu aldera".
Irudian, grabazio lanak Usurbilen. Iturria: Bideografik.