Juan Luis Ibarzabal, Los Mansos eta Akelarre taldeen sortzaileetako bat hil da

Erredakzioa 2021ko api. 2a, 13:01

Juan Luis Ibarzabal, Los Mansos taldearen 50. urteurrenean.

Atzo, apirilaren 1ean, hil zen Juan Luis Ibarzabal Arrieta, Juantxo, 70 urte zituela. Euskal Herriko musika talde ezagunenetako bat den Akelarreren sortzaileetako bat izan zen soraluzetarra. Astelehenean egingo diote hileta elizkizuna, Soraluzen, 19:00etan. 

Ezagun askoa zen Juan Luis Arrieta han eta hemen; Juanlu edo Juantxo lagunendako, ibilbide luzea egin zuen musikari lotuta. Los Mansos taldearen sorreran parte hartu zuen 60ko hamarkadaren amaieran; Akelarre taldearen sorreran, berriz, 70eko hamarkadan. 

33 urteko ibilbidea

Akelarre Euskal Herriko plaza talderik arrakastatsuena izan da, Egan-ekin batera. Ramon Aranzasti (baxua), Juan Luis Ibarzabal (teklatua), Jose Cambronero (gitarra), Iñaki Arriaran (ahotsa), Jose Antonio Ruiz (biolina) eta Ramon Pia (bateria) izan ziren Akelarreko hasierako taldekideak. 

33 urteko ibilbidea egin zuen musika taldeak (1972-2005), herriz herri jaietako gauak alaitzen, euskara hutsezko emanaldiak eskaintzen eta kantu gogoangarriak sortzen. 15 disko grabatu zituzten. Taldetik musikari ezagunak pasatu ziren, Anje Duhalde, adibidez. 

Los Mansos taldearen urteurrena

Bestalde, 2017ko uztailak 26an, Los Mansos sortu zeneko 50 urteurrena ospatzeko, jaialdia antolatu zuten Soraluzeko Jaietan. Sei lagun lagun elkartu ziren, Los Mansos/ Akelarreko gehienak: José Martín Rodríguez ‘’Pepito’’ (gitarra), Ramón Pia (bateria), José Cambronero ‘’Pepe’’ (baxua), Juantxo Ibarzabal (teklatuak) eta, ahotsarekin, Iñaki Arriaran eta Jesús Urizar (Dúo Plaentxi-koa).

Entziklopedietan

Wikipediak zein Sorapediak, biek ala biek dute jasota Akelarre eta Los Mansos taldeen ibilbide emankorra. Wikipediak dioenari buruz gehiago jakiteko, klikatu HEMEN. Sorapediak dioenari buruz gehiago jakiteko, berriz, klikatu HEMEN

Dolumin mezu ugari

Juan Luis Ibarzabalen heriotzaren harira, honako mezua zintzilikatu dute taldekide zituenak Facebooken:

Gaur zendu zaigu Akelarre Musika Taldearen sortzaileetako bat, Juanlu Ibarzabal Arrieta soraluzetarra. Sorreratik, 1982. urtera arte taldeko teklajole eta koru-egilea izan zen. Alai eta baikor, makina bat algara eragiten zizkigun beti. Beti arte Juanlu.

Ugariak izan dira haren bueltan etorritako dolumin-mezuak; bai herrikideenak, familiaren lagunenak eta baita musika munduan dabiltzanenak ere, izen batzuk aipatzearren: Gabi de la Maza, Xabier Zabala, Alberto Frantzesena, Koldo Tarragona, Javier Perez de Azpeitia eta Jexuxmari Lopetegi.

Azken agurra

Juan Luis Ibarzabali azken agurra emateko, bihar, Elgoibarko Mugika tanatorioan izango dira, 11:00etatik 13:00ak arte eta 17:00etatik 19:00ak arte. Hileta elizkizuna, berriz, astelehenean egingo diote, Soraluzeko parrokian, 19:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.