Soraluzeko jaiak 2025

Eguerdi partean jaurtiko dute jaietako txupinazoa Galtzagorrixek

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 23a, 10:00

Jaiak hasten lehenak gazteak izango dira. Bihar 12:00-13:00ak aldera jaurtiko dute txupinazoa Zubi Nagusiko iturritik, gero txosna zabalduko dute eta hortik aurrera, domekara arteko maratoia izango dute Galtzagorrixen txosnagunean. Harako prestatutako egitarauaren ezaugarririk nagusia da oso herrikoia dela.

Txosna gazteek eurek kudeatzeaz aparte, txosnagunerako antolatu dituzten kontzertuetatik hiru herritarrek eskainiko dituzte. "Herriko jendeari gustatu ahal zaiolako herriko jendea ikustea eta polita izan ahal delako. Gainera, herrian badago herritarrekin gauzak antolatzeko aukera", esplikatu dute.

Gazte Bazkaria, zubian edo frontoian

Osterantzean, azken urteotako ohiturari eutsita, elkarrekin bazkalduz beteko dute Zubi Nagusia jaietako lehen eguneko Gazte Bazkarian. Euria bada, berriz, frontoian izango da -gaur erabakiko dute-.

Kontuak kontu, 15:00etan hasiko da eta txartelak salgai daude Iratxo goxo-denan, 12 euroan. Prezio barruan dago bazkaria gehi Galtzagorriek aterako duten jaietako zapia, koadroduna. Gero, zapiak txosnan ere jarriko dituzte salgai, erosi nahi duenarendako. Lehen eguneko bazkaria borobiltzeko, toka eta igel txapelketa jokatuko dute. 

Hortik aurrerakoak musikarekin beteko dituzte. 

Painapple eta Polo Opuesto

Hain justu, bihar izango da herrikideen txanda eta egunik indartsuena zubian, hiru kontzertu izango baitira Galtzagorrien eskutik, 22:00etan hasita. Lehenengo Painapple eta Polo Opuesto igoko dira taula gainera eta 01:00etan jaietako izarren txanda izango da, Sagar-Erreka Mix ikuskizuna taularatuko baitute.

Belako entzutetsuak

Barikuan, berriz, 20:00etan, Glutenbakuak talde aretxabaletarrak kontzertu akustikoa eskainiko du eta 01:00etan Fan&Go Zarauzko talde mitikoaren txanda izango da. Azkenik, jaiak borobiltzeko, zapatu gauean, Garraio Durangaldeko taldeak jardungo du 23:00etan eta jaien itxiera Mungiako Belako talde entzutetsuaren eskutik etorriko da, 00:30ean hasiko den kontzertuarekin. 

Gazte berriak

Odol berrituta datoz aurten Galtzagorriak, gazte mordoa gehitu baitira taldera. "Herrian gauza gehiago egoteko" helburuarekin animatu dira taldera berriak eta beteranoek eskertu dute haien partaidetza. Berriek ikusi dute jaiak antolatzeko "gauza asko" egin behar direla, "lan handia" dagoela eta diru aldetik "oso justu" ibiliko direla, "gauzak geroago eta garestiago" daudelako. Baina eurena ipiniko dute eta polito datoz Galtzagorriak. Urte hasieratik ari dira jaiak prestatzeko lanean. Hori bai, txosnako txanda batzuk betetzea falta dela-eta, dei egin diete herrikideei izena eman eta laguntzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.