Soraluce kooperatibak bisita gidatua eta bazkaria eskaini zien barikuan bere bazkide jubilatuei, egindako lana eskertu eta omentzeko. Goizean, laurogei erretiratu inguruk (tartean plazentziatar ugari) kooperatibak Mekolalden eta Osintxun dituen zazpi plantak bisitatu zituzten eta bisitan zehar kooperatibako arduradunek instalazioek eta makinek izan duten garapenaren berri eman zieten. Bisita amaitu eta gero, argazkia atera zuten elkarrekin eta amaitzeko, elkarrekin bazkaldu zuten urterrilean zabaldu zuten jantoki berrian.
Enpresako arduradunek azaldu zutenez, 2021etik 2024ra Soralucek 40 milioi euro inbertitu ditu bere instalazioetan eta beste hemezortzi milioi euro I+G, marketing eta komunikazioan. 2023tik bi pabilloi berri eraiki dituzte -denera zazpi- eta jangela propioa jarri dute martxan. Horrez gain, eta ingurua urbanizatu dute, parkingak eta parkea eraikiz, zonalde industriala eta Osintxuko herrigunea uztartzeko. Gaur egun, Soraluce kooperatiban 300 pertsonak lan egiten dute.