Udalak ordainduko du Elizako erlojuaren eta kanpaien konponketaren zati bat

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 18a, 10:05

Atzo, eguena, osoko bilkuran landutako puntu guztiak onartu egin zituen udalbatzak. Oraingoan, baina, ez zen erabateko adostasunik egon puntu guztietan, Udalaren eta Elizaren arteko hitzarmenaren gainekoan PSE-EE abstenitu egin baitzen. Osterantzean, atzoko bilkuran hartu zuen zinegotzi kargua Esther Cruzek, Ainara Osorok utzitako lekua betez.

Atzoko osoko bilkura Esther Cruzek zinegotzi kargua hartzeko zina eginez hasi zen. Labur esanda eta gainerakoek erabilitako formula bera erabiliz, Cruzek “onartu” eta “zin egin” zuen zinegotzi izateak dakartzan betebeharrak eta eginkizunak beteko dituela.

Esther Cruzek Ainara Osoro zinegotziak lagatako lekua beteko du aurrerantzean, hark amatasunarengatik kargua laga ondoren. Oposizioaren galderari erantzunez, alkateak jakinarazi zuen iraileko osokoan emango dutela Udal Gobernuaren lan banaketa berriaren berri.  

Soldataren osagarria

Osterantzean, atzo onartutako puntuen artean, udal langileei soldataren 0,5eko osagarria igotzea onartu zuten. Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, Espainiatik dator erabakia, KPIren gorabeherekin dauka zerikusia eta labur esanda, langile publikoen eskubidea da. Puntua aho batez onartu zuten eta horrenbestez, 2024ko urtarrilaren 1etik aplikatuko zaie igoera hori.

Atzokoan aho batez onartu ez zen puntu bakarra Soraluzeko Udalak herriko Andre Mariaren Zeruratzearen elizarekin adostutako hitzarmena izan zen. Hitzarmen horren arabera, Soraluzeko Udalak ordainduko du kanpandorreko erlojuaren konponketaren zati bat, 8.603,1 euro, parrokiari laguntzak emanez.

PSE-EEren abstentzioa

Alkateak esplikatu zuenez, eliza barruan egon arren, Udalak erlojua eta kanpaiak herriko identitate ikurtzat ditu. Haiek martxan jartzeko borondatea izan du, baina kosta egin da martxan jartzea, hori egiteko teknikoa topatzea ez baita erraza izan. Edozelan ere, teknikoa topatu zuten eta konponduta daude erlojua zein kanpaiak eta hori Udalak ordainduko du.

Patricia Borinaga sozialista abstenitu egin zen puntu horretan. Esplikatu zuenez, jakitun da erlojuak eta kanpaiek herritarrentzat duten garrantziaz, eta horrexegatik ez dute puntuaren kontra botatu, baina gaineratu zuen ez zaiola aproposa iruditzen elizari administrazioak zerbait finantzatzea, herritarrek ordaintzea eta horrexegatik abstenitu zen.

Iker Aldazabal EAJ-PNVko ordezkariak, berriz, 1978ko Espainiako Konstituzioa aipatuz eta ironiaz, gogora ekarri zuen, haren arabera botere publikoek badutela eskumena bermatzeko ondare historikoa kontserbatu eta aberastu egingo dela. Ironiaz esan zuen hori, Espainiako konstituzioa erabili delako oinarri moduan. 

Kanpaiak gauez isiltzeko eskaera

Bestalde, urteotan eztabaida iturri izan diren kanpaiei dagokienez, berriz, Unai Larreategi alkateak esplikatu zuen egindako azken zarata neurketen arabera, kanpaiek gainditu egiten dute legeak ezarritako gehienezko muga eta horrexegatik eskatu diote parrokiari udan 23:01etik 06:59ra kanpaiak isilarazteko. Esan zuenez, oraindik erantzunaren zain daude.

Iker Aldazabal zinegotzi jeltzaleak jakinarazi zuenez, eurengana ere jo dute zenbait herritarrek kanpaiek sortzen diezkieten eragozpenengatik eta bat egin zuen gauez kentzeko proposamenarekin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.