San Andresko jaiak

Gaur hasi eta astelehenera bitartean jaiak egingo dituzte San Andresen

Egoitz Unamuno 2025ko uzt. 11a, 07:26

Harrijasotzaileen erakustaldia iazko jaietan.

Ohikoa den moduan, uztaileko bigarren zapatuan egingo dituzte jaiak San Andresen. Gaur, barikua, abiatuko dira, makala altxatu eta kanpaiak jota. Ikus egitarau osoa agendan. 

Herritarrei zuzendutako ekitaldiak, bihar, zapatua abiatuko dira III. Patata Tortila lehiaketarekin eta dagoeneko, bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dute 699 749 813 telefonoan. Ostera, zapatu arratsaldean espero dute jenderik gehien, Asier eta Iñakiren Omenezko Pilota Txapelketaren finalean eta, batez ere, zezenetan. Gaueko erromerian ere ohikoa baino jende gehiago espero dute, aurten, erromeria Fan&Go talde "mitikoak" girotuko du eta.  

Domekan kirol-probak eta zezena 

Domekan, eguerdiko 12:30ean, abiatuko da egitaraua eskuz binakako pilota partiduekin eta Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolarien emanaldiarekin. Ostean, 13:30ean, egingo da Meza. Arratsaldean, berriz, izetatarrek prestatutako herri kirol erakustaldia eta ostean, bola premioa eta zezenak.  

Astelehenean, auzotarren eguna

Astelehenean, auzotarrei zuzendutako ekitaldiak izango dituzte. Eguerdian, 12:30ean, Meza izango dute ermitan eta 14:30ean, auzotarren bazkaria Lizaso eta Egaña bertsolariekin eta Laja II eta Lutxurdio trikitilariekin. Arratsaldean, umeen jolasak eta emakumezkoen bola txapelketa egingo dituzte. Amaiatzeko, gauean, elkarrekin afalduko dute.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.