San Andresko jaiak

"Jendeak estimatzen du San Andresen eskaintzen dugun jai giroa"

Egoitz Unamuno 2025ko uzt. 11a, 07:13

Oier eta Enaitz jai batzordeko kideak, jaietako kartela eskutan.

San Andresko jai batzordeak duela hiru hilabete ekin zion aurtengo jaietako egitaraua prestatzeari. Oier Cerrejonek eta Enaitz Oruesagastik parte hartzen dute bertan, San Andresko elkarteko beste hainbat bazkiderekin batera. 

Zer nabarmenduko zenukete aurtengo egitarauan?

Azkenenego urtetan antzeko egitaraua izaten dugu. Aurten ere pentsatu dugu zezenak ipintzea bi egunetan, zezenek adin guztietako jende asko erakartzen dutelako. Domeka eguerdiko mezak baino gehixeago…

Aurten, zapatu gaueko erromeria ere pixkat diferentea izango da, Fan&Go taldearekin. Pentsatzen dugu erromeria klase horrek gazte gehiago erakarriko duela. 

Bestalde, zapatuan Pelota Txapelketako finala ere jokatuko da eta horrek jendea asko ekartzen du. Gainera, gero, hogeita hamarren bat laguneko koadrila geldituko da afaltzen eta horrek itxuratzen du mahai buelta.

Jatorduek pisu berezia dute San Andresen.   

Bai. Zapatuan eta domekan asko ematen da jaten eta ahalegintzen gara janari diferenteak eskaintzen, platerean eta ogitartekoetan. Egun horietan bost-zortzi lagunek jarduten dute sukaldean eta dezenteko lana izaten da. Diru pixkat ere ateratzen da eta pozik. 

Gainera, komeni da esatea jakirik gehienak, haragia, fruta, ogia eta beste hainbat herriko komertzioetan erosten ditugula, batetik, kalitatezko produktuak nahi ditugulako eta bestetik, herriko dendariei eskertu nahi diegulako ematen diguten laguntza. 

Dirua ateratzeko egiten dituzue beste ekimen batzuk ere. 

Bai, derrigorrezkoa da. Jaien egitaraua ordaintzeko diru asko behar da. Aurten ere atera ditugu errifak, bilatu ditugu babesleak eta zorionez urtetik urtera gehiago dira, barrak ere ematen du zerbait eta udaletik jasotzen dugun laguntasunarekin, moldatzen gara. Bihotzez eskertu nahi dugu laguntza hori dena. Horrez gain, elkarteko bazkideek eta zenbait auzokidek borondatezko lan asko egiten dugu baina dena gustura. Geuk gozatzea da gakoa urte askoan jarraitzeko.

Zein da gehien gozatzen duzuen momentua?

Momentu eder asko daude: barikuan makala altxatu eta elkarrekin txanpan botila zabaltzen dugunekoa;  zapatu gauean afaritan frontoia beteta ikustea; astelehenekoa ere berezia izaten da, etxekoak bakarrik, lanerako presiorik gabe… Orokorrean, jaietan ederrena izaten da ikustea jendeak erantzun egiten duela. San Andresko jaiak egiten diren egunetan beste jai handi batzuk ere egiten dira: Iruñeako San Ferminak, Amañako jaiak... Hala ere, jendea etorri egiten da hona. Horrek esan nahi du jendeak estimatzen duela hemen eskaintzen dugun jai giroa. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.