Mobilizazioak egoitzan

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 10a, 10:34

Atzotik, mobilizaziotan ari dira Gipuzkoako egoitzetan, baita Soraluzekoan ere. LAB sindikatuak lanuzteak deitu ditu eta ELAk, berriz, egun osoko grebak. Oro har, “lan-hitzarmen duina” eskatzen dute. LABetik helarazitako prentsa oharretan azpimarratzen dutenez, “orain arteko eredu pribatizatzaileak prekarietatera kondenatzen” ditu langileak. ELAtik ere “prekarietatearekin amaitzeko” eskatzen dute, besteak beste, “izugarri hazi diren” kontratu partzialekin amaituz.

“Bestelako zaintza eredu” bat aldarrikatu eta bide horretan “langile publikoekiko lansariak ekiparatzea, partzialtasunarekin amaitzea eta ratioak hobetzea” eskatzen dute Gipuzkoako egoitzetarako. Hala adierazi dute LAB sindikatutik bidalitako prentsa oharrean, oro har, “lan hitzarmen duin bat” eskatzen dutela nabarmenduz.

Salatzen dute “patronalak mahai negoziatzailean ezaxolazko jarrera” erakutsi duela eta horren aurrean, “mobilizazioak eta borroka” besterik ez dutela aukeran.

%100eko lan jardunaldiak

Salaketa eta aldarrikapen berak egiten ditu ELA sindikatuak, esanez, urtarrilean hasitako negoziazio bileretan patronalek ez dutela “sektorean dagoen prekaritatearekin amaituko duen inongo edukirik jarri mahai gainean”. Datutan, diote “azken urteetan “kontratuen partzialtasuna izugarri hazi” dela eta “langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak” dituela. Halaber, gehitu dute egoera horrek langileengan eragina izateaz aparte, “egoiliarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea ere nabarmen okertu” duela.

Hala, eskatzen duten hitzarmenean, “ ELAk %100eko lan jardunaldia duten kontratuak eskatzen ditu langile guztientzat, soldata arrakalarekin amaitzea eta asteko 32 lanordu ezartzea ere bai”, besteak beste. ELA Donostian zein eskualde mailan ari da mobilizazioak egiten. Atzo Donostian egon ziren eta gaur Arrasaten izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.