Prentsa ohar bitartez, 2025eko aurrekontuaren harira EAJ-PNVk egindako proposamenak gogorarazi eta haiek lantzeko eskatu dio EH Bilduren Udal Gobernuari, honakoak:
- “Irisgarritasuna plana: lehen fase bezala, arrapala baten bidez, Udalaren jabetzakoak diren Frontoi 5eko etxebizitzetarako irisgarritasuna bermatzea, Calonge atzetik.
- Aparkalekuak: azterketa egitea. “Zenbat ibilgailu eta zenbat aparkaleku dauden jakin, eta, horren arabera, Erregetxeko lurrazpiko aparkalekuen proiektua serioski aztertu”, esan du Iker Aldazabal bozeramaile jeltzaleak.
- Olabarrenako zubi berria: aurreproiektua idazteko baliabide ekonomikoak bideratzea, herritarrei eta auzoei lotura eta segurtasun handiagoa emateko.
- Aisialdi guneak: bidegorrian (Carmelo Mendizabaleko industrialdea pasata), aisialdi gune berria sortzea eremua birgaituz: “Aukera legoke bertan komun publiko bat ipintzeko, herritarren erosotasuna eta osasuna hobetzeko”, gehitu dute.
- Baltegieta zaharberritzea: Gabolatseko zubiko lanak bukatu ondoren, SAPAko eraikinaren alboak estali eta adokinezko kalea zaharberritzea.
- Zaintza ekosistemaren proiektua abian jartzea: zaintzaren inguruko diagnosia oinarri izanda, Soraluzeko zaintza ekosistema sortzea.
- Herri garbi baten aldeko apustua: herriko kaleetako eta eremuetako utzikeria eta txukuntasun faltaren aurrean neurri eraginkorrak hartzea”.
Jeltzaleek azpimarratu dutenez, “Soraluze hobea eraikitzeko benetako ekintza-plana behar da”. Uste dute “agintaldia hasi zenetik bi urte igaro ondoren, gauzak aztertzeko eta hausnartzeko nahikoa denbora izan duela Udal Gobernuak”, eta exijitzen diote “aurrekontuan jasotako proiektuak martxan jartzea”. Halaber, elkarlanean eta adostasunean jarduteko prestutasuna ere adierazi dute.