10 talde eta 200 jokalari inguru ditu Sorak, “inoiz baino gehiago”

Ubane Madera Zangitu 2025ko uzt. 4a, 11:53

Aitor Sudupe, Alberto Losada eta Gorka Zubiaurre zuzendaritzako kideak atzo, Tolarekuan.

Atzo, eguena, Soraluze Futbol Taldeak urteko batzarra egin zuen Tolarekua aretoan. Oro har, azaldu zuten osasuntsu dagoela kluba, kontu ekonomikoetan zein kirol kontuetan. 200 bat ume-gazte dira kide, “inoiz baino gehiago”, 10 talde ditu eta talde bakoitzeko bina entrenatzaile izateko ahaleginari eusten segituko dio klubak. 2025-2026 denboraldiaren aurkezpena irailaren 20ko edo 27ko asteburuan izango da.

Bukatu berri den denboraldiari buruzko erretratu orokorra eginez hasi zuen Alberto Losada presidenteak Soraren 2024-2025 urteko batzarra. Nagusiei dagokienez, denboraldia gazi-gozoa izan dela esan zuen, batez ere, bukaeran, maila salbatzeko puntuan izan zelako. Ez zenez lortu, Erregional mailan arituko da Sora 2025-2026 denboraldian. Entrenatzaileak etxeko jokalariak izango dira, Iokin Arrilaga eta Auritz Oregi.

Sorako gainerako taldeei dagokienez, berriz, Jubenilek gorengo mailara pasatzea lortu dute eta iaz gorengoan ibili zen Kadete taldeak mailari eustea lortu dio. Beraz, bi talde horiek Gorengo mailan ibiliko dira datorren denboraldian.

Osterantzean, guztira, 10 talde izango ditu Sorak, futbol eskolatik hasi eta nagusien mailaraino, 200 ume-gazte, “inoiz baino gehiago”, esan zutenez. Herrian ume-gazte gehien dituen taldea da.

Eta entrenatzaileak ere ez dira gutxi izango, ze taldeko bi entrenatzaile izatearen aldeko apustuari eutsiko dio klubak, uste dutelako horixe dela onuragarriena. Zentzu horretan, esan zuten futbol eskolakoak erabakitzeko daudela oraindik, entrenatzaile izango direnen eskola-orduak zehazteko zain baitaude. Edozein modutan, azpimarratu zuten entrenatzaile izateko gazte asko dago gertu, 6 bat daudela poltsan.

Ekipazio berria

Kontu ekonomikoei dagokienez, berriz, aurten zenbait inbertsio egin dituen arren -jantzi berriak, bati bat- Aitor Sudupe diruzainak esan zuenez, diru-poltsako soberakinekin, 8.000 euroko zenbateko negatiboari aurre egiteko moduan dago futbol kluba. Kopurutan, 80.000 euroko sarrerak izan ditu Sorak eta 88.000 euroko gastuak.

Jantzi berriei dagokienez, besteak beste, esplikatu zuten aurten jantzi berriak eskaintzeko aukera sortu eta hura aprobetxatu dutela, nahiz eta horretarako inbertsioa egin behar izan eta kuotak apur bat igo behar izan. Esan zutenez, klubak, oraingoz, badu aukera inbertsio hori egiteko eta, egin egingo du, batik bat, Realak ematen dion laguntasunari esker. Jantzien %60 dagoeneko hartuta daudela ere jakinarazi zuten.

Inbertsioekin lotuta, esplikatu zuten zelai berria jartzeko zein aldagelak berritzeko Udalak proiektua egiteko zain daudela, obra horiek diru-kopuru handia suposatuko dutela eta adierazi zuten, zelaia aldatzeko, adibidez, Realaren laguntasunarekin kontatzen zutela. Bestalde, azpiegiturekin lotuta, irailetik aurrera futbol zelaiko tabernak kudeatzaile berriak izango ditu: Ina Larrañaga, Juani Borinaga, Gorka Salaberria eta Oinatze Silbeti.

50. urteurrena

Amaitzeko, atzoko batzarrean landutakoen artean esan zuten, besteak beste, irailaren 20 edo 27ko asteburuan egingo dutela 2027-2028ko denboraldiko taldeen aurkezpena. Eta aurrerago begira jarrita, 2026-2027ko denboraldian klubaren 50. urteurrena izango dela gogorarazi zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.