Kooperatiba ixteko arriskua erreala da?
Benetakoa da egoerak hobera egiten ez badu. Funtsezkoa da larritasunaz jabetzea: denda aurrera ateratzeko, ezinbestekoa da herritarren babesa eta inplikazioa. Arduradun naizen aldetik, eta lankideekin batera, gure onena ematen ari gara. Baina gure ahaleginak ez dira nahikoa salmentek ez badute laguntzen. Bestalde, denda hau ez da saltoki soil bat. Herriarentzako zerbitzu bat da, eta lanpostu bat ere bai. Itxiko balitz, herritarrok oinarrizko zerbitzu bat galduko genuke, eta guk gure ogibidea. Horregatik jarraitzen dugu egunero borrokan, baina gure lana baloratua izatea eta arriskuan zer dagoen ulertzea behar dugu.
55.560,29ko galerak jakinarazi zenituzten batzarrean; handiak dira.
2023an 55.560 euroko galera izan genuen, hainbat faktoreren ondorioz: langileen kostuak -2025ean amaitu egingo dira aurreko urteetako langileen gastu batzuk-, igogailuaren eta instalazioen mantenua, hornidurak eta beste hainbat gastu finko. Horiek ez dira gutxitzen salmentak jaitsi arren. Gainera, erosketen ohiturak aldatu eta supermerkatu handiek duten eraginak nabarmenki kaltetu gaitu. Ulertzen dugu askok erosketak leku bakarrean egin nahi izatea erosotasunagatik. Ez dugu eskatzen dena hemen erostea, baizik eta erosketen zati bat tokiko dendetan egitea. Hori funtsezkoa da denda eta beste negozio txikiak bizirik mantentzeko. Bestela, arriskuan jarriko dugu herrian oinarrizko zerbitzuak edukitzea.
Non ikusten duzue irabazteko aukerarik handiena?
Orain urte batzuk Co-alimentekin bat egitea erabaki genuen. Horri esker, prezioak jaistea eta marka zuri gehiago eskaintzea lortu dugu. Horrek bezero gehiago erakartzen lagundu eta denda irekita mantentzea ahalbidetu du. Elikagaietan irabazi-marjina oso txikia da; horregatik gure indarra beste ataletan jartzen ari gara: jantziak, harategia eta fruta. Jantzietan eskaintza zabaldu dugu, adin eta gustu guztietarako. Bezeroek nahi duten modelo, tamaina edo kolorea ez badugu, bereziki eskuratzea ere eskaintzen dugu. Supermerkatu handiek ez bezala, gertutasuna eta arreta pertsonalizatua eskaintzen dugu.
Batzarrean esan zenez, Eroskirenak baino prezio merkeagoak dituzue askotan; hala ere, jende gehiago dabil Eroskin. Zein arrazoi ikusten diozue horri?
Bezero askok esan digute gure prezioak supermerkatu handienak baino hobeak direla. Horrek erakusten du prezio lehiakorrak mantentzeko lan ona egiten ari garela, eta horixe baloratzen dute askok. Hala ere, supermerkatu handiek bolumen handiagoa eta publizitate handiagoa dute, eta horrek bezero gehiago eramaten ditu hara. Lehiakideek ordutegi zabalagoa eta badute. Guk ere ordutegia handitzeko aukera aztertu dugu. Hala ere, gure langile kopuruarekin ezinezkoa da. Gainera, kalitatezko eta gertuko zerbitzua galduko genuke.
Beste zerbait nahi baduzu esan…
Mezu argi bat helarazi nahi diegu herritarrei —gazteei eta helduei—: erosketak herrian egitea ez da ohitura hutsa, baizik eta konpromiso bat da. Erosketa bakoitza gure herria bizirik mantentzeko ekarpen bat da. Tokiko taberna eta dendak ixtea nahi ez badugu, bertan kontsumitu behar dugu. Hemen gastatzen dugun euro bakoitzak gure lanpostuak eta komunitatearen etorkizuna bermatzen laguntzen du. Oraindik garaiz gaude. Denda hau aurrera atera daiteke. Baina ez da posible izango herritarren babesik gabe. Gure konpromisoa eta lana ez dira faltako. Baina ezin dugu bakarrik egin. Herriaren denda izaten jarraitu nahi badugu, elkarrekin egin behar dugu bidea.