Hirugarrenez, zapatuan eta domekan greba egingo dute Avanza autobus enpresako langileek -lehenagoko Lurraldebus-. Salatu dutenez, dagoeneko 22 greba-egun egin dituzten arren, egoerak bere horretan dirau.
Euren egoerari dagokienez, berriz, salatu dute gidariek urtean 1.650 lanordu izan arren, zenbait kasutan 1.870 ordu ere sartzen dituztela eta baita gehiago ere, “ilegalak” diren egutegietan jasotakoak. Gogora ekarri dutenez euren aldarrikapena da urtean 1.592 orduko jarduna izatea -urtero bost ordu jaitsiz-.
Bestalde, gaineratu dute eurak pozik daudela zerbitzu publikoak gero eta merkeagoak izatearekin, baina hori ezin dela egin "autobusen egoera kaltetzearen eta 11 orduko lan-jardunen" kontura.
Horrez gain, gaur goizean Donostian eman duten prentsaurrekoan salatu dutenez enpresa “etengabe” ari da Lan Hitzarmena urratzen, eta ez du "batere" pausorik eman hitzarmen berria negoziatzeko. Oro har, uste dute egoera hori izan arren, Diputazioak bidea "libre" laga diola Avanzari, zerbitzua beste bost urterako adjudikatuz eta Aldundiak "gatazka" honetan duen "erantzukizuna" gogorarazi dute.