Binaka ilaran jarrita, ‘Eskerrik asko Aitor’ zioen kamiseta jantzita irten ziren Araneko pilotalekura Soraluze Pilota Elkarteko pilotari diren eta izan diren ume, gazte zein helduak.
Txapeldunen txapela jantzi zioten Aitor Atxotegiri. Eta Atxotegirekin entrenatutako Ander Murua pilotari profesionalak dedikatutako kamiseta oparitu zion. Segidan etorri ziren agurra, eskerron diskurtsoa eta baita bertsoak ere, guztien artean abestu zituztenak:
Pilotan ikastera
gazterik badator
frontoian, beraren zain,
irakasle bat hor
pilotari gogor ta
gazteoi jator
borobila izan da
zure lana Aitor.
Kantxan elkartu izan
duzu astez aste,
pilotaz disfrutatzen
dozenaka gazte.
Zenbat torneo eta
txapel irabazte
nora begira daude
Baiko eta Aspe?
Kamisetan ipintzen
dizu –Atxotegi-
aurreko koadroetan
azti ta azeri.
Frontoian zenbat ordu,
aholku, izerdi…
eskupilotarekin
disfrutatzen segi!
Atxotegik, ezustean harrapatua, irribarre eta malko artean eman zizkien guztiei eskerrak. Hitza hartzean, besteak beste, azpimarratu zuen, berak albora pauso bat eman arren, beraren lekukoa hartzeko gertu badagoela jendea eta bera alboan izango dutela, orain arte moduan, Soraluze Pilota Elkarteak aurrera segi dezan.