Zapatuan, 10:00etarako hasiko da Zubi Nagusia girotzen, V. Triatoloiaren eraginez. Orduantxe elkartuko dira 48 lehiakideak zein haien lagunak gosaldu, berotu eta bidegurutzeak antolatzeko, jendea ez dadin pasa kirol proba dagoen bitartean.
Igerian 6-10 minutu
Hasi, berriz, 11:00etan hasiko da Triatoloia. Lehenengo, 8 lehiakideek 300 metro egin beharko dute igerian, igerilekuko kale bakoitzean bina igerilari. Antolatzaileen kalkuluen arabera, batez beste 6 minutu eta gehienez jota 10 minutu tardatuko dute.
Bizikletan 12-25 minutu
Gero, igerilariek txanda emango diete zubian zain izango diren txirrindulariei. Haiek Etxaburuetatik Estaziñora eta gero Olatik errepidera joan beharko dute, Osintxuraino, Soraluceren zubi berrian buelta hartu eta herrira bueltatzeko. Kalkuluen arabera, 12 eta 25 minutu arteko denbora beharko dute txirrindulariek.
Korrika 10-16 minutu
Zubian, berriz, txanda emango diete korrika egingo dutenei. Haiek, kiroldegiko pasealekutik poligonora joko dute, hango oinezkoen zubitik sartu, Ezozibidera joan eta erdigunetik, Santa Anaraino joan beharko dute, Olako aldapa igo eta jaitsi ondoren, atzera ere zubirantz etortzeko. Igerilekura joan beharko dute korrikalariek eta bereko bigarren taldeari txanda eman, ekipo bakoitzeko bigarren hirukoteak zirkuituaren bigarren buelta egin dezan. Kalkuluen arabera, korrikalariek 10-16 minutu beharko dituzte euren zatia egiteko.
Guztira, Triatoloiak ordubete pasa iraungo du.
19:00etan udaletxeko balkoira
Triatoloiaren harira, kontuan hartu behar da 11:00etatik 12:00etara igerilekua itxita izango dela eta Triatoloiak eragina izango duela Zubi Nagusian zein herri barruan.
Kirol proba amaitzean, berriz, Txurrukan bazkalduko dute guztiek elkarrekin eta gero, 19:00etan udaletxeko balkoira igoko dira egindakoa ospatzeko. Eguna borobiltzeko, karro-poteoa egingo dute.
Bestalde, oraindik zabalik dago Boliako porran parte hartzeko aukera. Momentuz, 38-40 bat lagun animatu dira apustua egitera. 230 eurotik gora dago jokoan.