Zapatuan, Eibarko, Mutrikuko, Arrasateko, Gasteizko, Txingudiko, Oreretako, Donostiako eta Hernaniko taldeek parte hartuko dute SoraGazteak Rugby Taldeak antolatutako VI. Errugbi Egunean, guztira, ehundik gora jokalarik.
10:00etan, 12 urtez azpikoen partidekin hasiko dira eta haiek bukatutakoan, partida berezi bat jokatuko dute. Izan ere, 14 urtez azpiko jokalariek entrenatzaileekin, gurasoekin, epaile lanak egiten ari direnekin… nahi duten guztiekin jokatuko dute.
Errugbi Egunaren antolatzaile SoraGazteak taldeak herritar guztiei zabaldu die azken partida horretan parte hartzeko gonbidapena. Enekoitz Igartuak esan duenez, 13:00-14:00ak aldera jokatuko dute eta zelai osoa hartuko du.