Soraluzeko egoitzako hainbat langilek ere bat egin dute grebarekin

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 11a, 17:55

Soraluzeko Mesedeetako egoitzako langileak greban daude gaurtik. Gaur, eguaztena, ELA sindikatuko langileek egin dute protesta eta Donostiako mobilizazioan ere izan dira. Bihar, berriz, LAB sindikatuko langileak ere gehituko dira eta guztiek batera egingo dute greba. Hori bai, gutxieneko zerbitzuak ere ezarrita dituzte, eta beraz, langileen erdia lanean dago.

Sei greba-egun deitu dituzte sindikatuek Gipuzkoako egoitzetarako. Ekaineko aste honetan hiru eta uztailaren 9an, 10ean eta 11n beste hiru.

Oro har, zerbitzu publikoa ematen dutenez, langile publikoek dituzten baldintzak eskatzen dituzte. ELAtik helarazitako zehaztasunetara joz, honakoak dira eskaera nagusiak:

  • %100eko jardunaldiko kontratuak langile guztientzat.
  • Soldata arrakalarekin amaitzea.
  • Asteko lanorduak 32 izatea eta adinean gora doazen langileek erretiroa aurreratu ahal izateko formulak ezartzea.
  • Arrisku psikosozialen plan adostuak.
  • Zerbitzuak euskalduntzeko baliabideak.
  • Trantsizio eko-sozialean aurrerapausoak, bertako produktuak txertatuz jatorduetan, besteak beste.

%40 kontratu partzialak

ELAtik salatutakoaren arabera, “sektorean 5000 bat langilek lan egiten dute Gipuzkoan, ia denak emakumeak. %90ean Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen duen zerbitzu publikoa eskaintzen dute baina lan baldintza prekarioak dituzte. Langileen %40ak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak ditu. Hau enpresa pribatu eta irabazi asmorik gabe deklaratzen diren gehienek mozkinak lortu eta negozio logika batean oinarritzen den zaintza sistema eusteko bakarrik esplikatzen da”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.