Bihartik, astebururo greba egingo dute Avanza autobusetako langileek

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 13a, 09:01

Bihar, zapatua hasi, eta astebururo, greba egingo dute Avanza autobus enpresako langileek, zapatuetan eta domeketan. Ekainaren hasieran jakinarazi zuten protestaldi berria eta Avanzako Langileen Batzordeko ELA sindikatutik esandakoaren arabera, harrezkero, egoerak bere horretan dirau; hau da, inor ez da langileen ordezkariekin harremanetan jarri egoera bideratzeko, beraz, aurrera darraie mugagabeko grebarekin.

Avanza enpresaren web orrian dagoeneko argitaratu dituzte asteburuetan izango diren gutxieneko zerbitzuak. Segidan ikusgai.

Ekainak 14:

Ekainak 15:

Ordu kopurua murriztea

ELA sindikatutik esplikatutakoaren arabera, protestaldien bitartez langileek egiten duten eskari nagusia da urteko lanordu kopuru totala 1.592 ordukoa izatea, eta ez gaur egun duten 1.650 ordukoa. Gogora ekarri dutenez, hiru urte daramatzate lan hitzarmena berritu barik, horrek dakarren eros-ahalmenaren galerarekin, besteak beste, ez baitiete KPIa eguneratu. Halaber, gogora ekarri dute Lurraldebusen bestelako enpresa batzuetan badutela ordu kopuru hori lortuta.

Diotenez, prest daude jaitsi beharreko ordu kopurua progresiboki jaits dezaten, eta, ez urte batetik bestera denak batera. Adibidez, urtero bost ordu gutxiago, 2027ra bitartean. Halaber, eskatzen dute Diputazioak Avanza enpresarekin sinatu behar duen lizitazio berrian zehaztea 1.592 orduko jarduna.

"Diputazioa pausoa markatzen"

Zentzu horretan eta kontuan hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bost urtez luzatu behar diola lizitazioa Avanzari, ELA sindikatutik uste dute administrazio publikoak zeresan handia duela gatazka honetan eta salatu dute Diputazioa dela pausoa markatzen ari dena eta beste aldera begiratzen ari direla, “ez dute ezertxo ere egin”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.