Kotizaziopeko erretiro-pentsioen epealdia murriztea proposatu zuten astelehenean

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 11a, 09:15

Kotizaziopeko erretiro-pentsioen derrigorrezko epealdia eta Herri Ekimen Legegilea (HEL). Biak izan zituzten hizpidei pentsioen aldeko elkarretaratzean. Lehen gaiaren harira, salatu zuten Europar Batasuneko eperik luzeena dela Espainiakoa. HELari buruz, berriz, esan zuten ekainaren 26an duela Gasteizko Legebiltzarrak opor aurreko azken bilkura. Hala ere, zail ikusten dute HELa osoko horretan lantzea.

Azken hilabeteotan moduan, astelehen honetan ere Herri Ekimen Legegilea izan zuten hizpideetako bat pentsiodunen mugimenduetan, baita Soraluzen ere. Esan zutenez, EAJri eta PSE-EEri gutun bidez jakinaraziko diete “Herri Ekimen Legegilea izapidetzeko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko onartua izateko duten erantzukizun demokratikoa”.

HELa Legebiltzarrean aztertzeari buruz, berriz, uste dute opor osterako lagako dutela gaia. Bien bitartean, gutun bidez ez ezik, kalean ere jarraituko diote HELari babesa erakusten, gizarte-sentsibilizazioaren bitartez.

15 urtetik 12ra jaistea

Osterantzean, kotizaziopeko erretiro-pentsioak izan zituzten berbagai asteleheneko batzarrean. Salatu zutenez, Espainiako Estatuan beharrezkoa da 15 urte edo 5.475 egun kotizatu izana erretiroa hartu ahal izateko eta, nahiz eta Europar Batasuneko (EB) estatu kide gehienetan baldintzak gogortzen ari diren, aldi hori EBko aldirik zorrotzenetako bat izaten jarraitzen du, adibidez, Alemanian 5 urtekoa da. (…) Gainera, 15 urte horietatik bi erretiroa hartu aurreko 15 urteetan kotizatu behar izan dira”.

Halaber, gaineratu zuten arau horiek “zeregin garrantzitsua” dutela “zaintza-jardueretan aritzeagatik enplegua utzi duten emakumeen sektore esanguratsu bati erretiroa hartzea zailtzea edo, are gehiago, galaraztea”, eta, adibide modura, jakinarazi zuten 2025ean erretiratutakoen %40 baino ez direla emakumeak. Hori dela eta, uste dute epe hori murriztu egin beharko litzatekeela, adibidez, 15 urtetik 12 urtera eta “azken 15 urteetan egindako bi urteko eskaera baliogabetu”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.