Soraluzeko PSE-EEren ustez, EH Bilduren kudeaketa “kontinuista, eskasa eta hobetu daitekeena” da. Patricia Borinaga bozeramailearen esanean, “gobernu honek aurrekoaren errentetatik bizitzen jarraitzen du”. Borinagak gaineratu du “soraluzetarren bizitza hobetzeko obra gehienak, amaitzear edo hastear daudenak, aurreko agintaldian itxitako beste erakunde batzuekin egindako negoziazio eta finantzaketa-akordioetatik” datozela eta sozialistak horren “parte aktibo” izan zirela.
Adibide modura, lau ekarri ditu gogora: Ezozibideko bost atariren eta auzoaren zaharberritzea, Pascual Churrucako etxebizitza proiektua, Tokiko Energia Komunitatea sortu izana eta bultzada ematea Soraluze tentsio-eremu izendatzeko eskaerari.
Olaldea, bidegorria…
Udal Talde Sozialistarentzat, EH Bildu “ez da gai izan” proiektu garrantzitsuei “beharrezko bultzada” emateko, eta “Olaldea eremua garatzea, Maltzaga eta Soraluze arteko bidegorria eta Mendiola poligonoko sarbidea hobetzea”, adibidez.
Borinaga bozeramaleak gaineratu duenez, “ekimenik eza” ikusten diote gobernuari, gauza asko aldeko izan arren:“gehiengoa, dedikazio esklusiboa duten bi pertsona liberatu, aurrekontu-partida zein oposizioaren babesa”. Hark gaineratu du, hori horrela izan arren, “oraindik gauzatu edo zehaztu gabe” daudela hainbat proiektu, “erdigunean bainugela publiko auto-garbigarri bat jartzea, edo, bi urte geroago, esku-hartze sozialeko zerbitzu integral bat abian jartzea”.
"Kudeaketa txarra?"
PSE-EEk, kontu ekonomikoak mahai-gaineratuz, uste du, “aurreko Gobernu taldeari asko kritikatzen zioten gauzak betetzeko” ere ez dela gai esan EH Bilduren gobernua, zehazki, diru soberakinaren kontura, Borinagak gogora ekarri du oposizioan zegoenean, EH Bilduk zioela soberakina egoteak agerian lagatzen duela eskura dauden baliabide ekonomikoen kudeaketa txarra.
Bada, EH Bilduren Udal Gobernuak “ handitu” egin du Udal gastua eta handitu egin du ere “aurrekontu-betearazpenaren eta inbertsioaren ehunekoa, eskura dituzten baliabide guztiak erabiliz, aurrekontu-gerakina barne”.
Galdera batekin bukatu du balantzea PSE-EEk: “Hitz egin dezakegu orduan EH Bilduren kudeaketa txarrari buruz?”