Iaz baino bost talde gehiago Futbito Txapelketan

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 8a, 09:01

Bariku iluntzean futbitoan.

Iaz baino bost talde gehiago ari da parte hartzen aurtengo Futbito Txapelketan. Maiatzaren erdialdean hasi zen txapelketa 14 talderekin. Haien artean daude urtero parte hartzen dutenak, aurten apuntatu den 16 urtekoen berria eta baita iaz laga zuten talde biak ere. Aste honetan txapelketaren 4. jardunaldia jokatu dute. Ohi denez, uztailaren 24ko txupinazoa baino lehen eta ondoren jokatuko dira finalak.

14 talde izanda, zazpiko bi grupo osatu dituzte aurtengo Futbito Txapelketan. Aste honetan 4. jardunaldia jokatu dute, eguenean eta herenegun, barikua izan ziren partidak. Antolatzaileek esandako moduan, “ahal denean” ipintzen dituzte partidak, kiroldegiko frontoia libre dagoenean, alegia.

Honako taldeak ari dira lehian:

  • Drink Team
  • El Rincon
  • Goenetxetxo
  • Jubiletak
  • Kastakuak
  • LCE
  • LMA
  • LTC
  • LTC All Stars
  • Marsora
  • Nothingam Miedo
  • Salabardo
  • Star Boys
  • Union Futbol Sala

Betiko formatu berean gauzatuko da aurtengo txapelketa. Hori horrela, lehen 7 jardunaldiak pasa ondoren etorriko dira laurdenak, finalerdiak eta finalak. Liga-finala izango dute sailkapenaren erditik gora geratzen direnek eta gainerakoek Kopa finala. Hain justu, Kopako finala izango da uztailaren 24ko jaietako txupinazoa baino lehen eta Ligako finala txupinazoaren ondoren.

"Lasaitasunez" jokatzeko eta animatzeko eskaera

Futbito txapelketak bete egiten du kiroldegiko frontoia ikuslez eta txapelketa bizi-bizia izaten da; batzuetan tentsio handiegia ere somatzen da, jokaldi gogor eta guzti. Zentzu horretan, antolatzaileek azpimarratu nahi dute “dibertitzeko” txapelketa bat dela, “heziketa futbolaren gainetik” dagoela eta beraz, lasaitasunez jokatzeko eskatu diete partaideei. Ildo beretik, lasai jarduteko eta animatzeko eskatu diete, baita ikustera doazenei ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.