Bost urte daramatzate Triatoloia egiten Soraluzeko gazte mordoak. Orain arte, kostaldean egin izan dute, Triatoloiko hiru probetatik bat igeri egitea baita. Baina, aurten, gazteek erabaki dute herrian bertan egingo dutela Triatoloia, igeri proba kiroldegiko igerilekuan eginez.
Igerilekuaren tamaina kontuan hartuta, lehiakide guztiei lekua egiteko, hiruko taldeetan barik, Triatoloirako izena eman duten 48 gazteak seiko taldetan banatu dituzte. Hartara, talde bakoitzak bi bider egin beharko du zirkuitua. Guztira, 8 talde izango dira lehian.
Hiru proba
11:00etan hasiko da eta honako probak izango dira:
- Igerilekuan, 300 metro igerian.
- 9 kilometro bizikletan: igeri egitea tokatu zaionak Zubi Nagusian eman beharko dio erreleboa hurrengo lehiakideari; hura bizikletan Osintxuraino joan beharko da, Zubi Nagusitik Estaziñora eta errepidetik, Soraluceren zubi berriraino; han buelta eman eta zubira berriro.
- Korrika: azken erreleboa korrika egingo dutenei emango diete; zubitik poligonora joan beharko dira, han, oinezkoen zubitik poligonoaren beste aldera pasa, Ezozibidetik jaitsi, Gabolatsetik Plaza Zaharrera joan, handik Santa Anara, gero Oleako aldapa igo eta errepidetik berriro ere zubira buelta. Eta hurrengo igerilariari erreleboa eman.
Behin Triatoloiko probak bukatuta, guztiek elkarrekin bazkalduko dute Txurruka jatetxean eta arratsaldean, 19:00ak inguruan udaletxeko balkoira igoko dira egindakoa ospatzeko. Egunari amaiera biribila emateko, karropoteoa egingo dute segidan.
Porra Bolian
Triatoloia egiteko taldeak zozketaz osatu dira izena eman duten 48 lagunen artean, Errege bezperako bazkarian. Bakoitzak zein proba egingo duen ere zozketaz erabaki da. Partaide gazteenak 21 urte ditu eta beteranoenak, berriz, 48 urte.
Talde guztien berri, partaideak-eta zeintzuk diren adierazita, Bolia tabernako kortxozko panelean dago. Izan ere, bertan dago Triatoloiko porra egiteko aukera.
Edozeinek parte har dezake porra horretan; 2 euro ordainduta, asmatu behar da zein izango den lehen taldea, bigarrena, hirugarrena eta zein azkena. Jokoan daude 230 euro baino gehiago, izan ere, porrak aurten hirugarren aldia izango du, baina oraingoz ez du inork irabazi.