Kooperatiba Elkartearen zuzendaritzako ordezkariek kooperatibaren egoerari buruzko datu ilunak partekatu zituzten atzo, urteko batzar orokorrean. Bertaratu ziren 20-30 bat bazkideen aurrean “gardentasunez hitz egiteko” nahia adierazi zuten. Izan ere, “une oso zaila” bizitzen ari dira Kooperatiban.
Muturreraino doituta
Datuak emanez, jakinarazi zuten 55.560,29 euroko galerak izan dituztela aurten, iaz baino 7.000 euro inguru gehiago. Esplikatu zuten ahal duten guztia egin dutela “supermerkatuak martxan jarrai dezan”, gastuak murriztuz eta langileak berrantolatuz.
Orain daude hiru langile jardun osora eta beste bat erdira. “Badakigu ez dela nahikoa nahi dugun zerbitzua emateko, baina gaur egin kooperatibak hori bakarrik mantendu ahal du” esan zuten, gaineratuz, ezin dutela gehiago murriztu, “zerbitzua ematen jarraitzeko. Noizbait bazatozte eta atal bat itxita aurkitzen baduzue, edo langile gutxi ikusten baduzue, ez da gogorik ez dagoelako, baizik eta ordutegiak muturreraino doitu ditugulako. Ulermena eta babesa eskatzen dizkizuegu”.
Kobratu barik eta beste
Langileei dagokienez, ahalegin handia egiten ari dira kooperatibarengatik. Iazko martxotik ez dute kobratu aparteko ordainsaririk eta aparteko lanorduak egiten ari dira. Atzo azpimarratu zutenez, prest daude “proiektu partekatu” bat den kooperatibaren alde egiteko, “tokiko kontsumoaren aldeko apustua” egiten baitu, “herriko enpleguaren aldekoa” da eta “zerbitzurik gabeko herri bihurtu ez gaitezen saiatzeko eredu jasangarri baten aldekoa”.
"Egin erosketak gurean"
Halaber, bazkideei ere eskatu diete konpromisoa, “erreala”. “Egin erosketak gurean, egunero edo astean behin. Gomendatu kooperatiba. Gogoratu kanpoan egiten den erosketa bakoitzeko, herrian beste bat galtzen dela. Establezimendu hau ez zaio komeni ixtea. Eta oraindik garaiz gaude hori saihesteko, guztiok norabide berean bultzatuz gero”.
Eroskik baino prezio baxuagoak
Bukaeran, bazkideei “galderak eta iradokizunak” egiteko eskatu zieten, “pozik” entzungo zituztela. Eta hainbatek egin zituzten proposamenak.
Besteak beste, komentatu zen Kooperatibako prezioak, askotan, hemengo Eroskikoak baino merkeagoak direla eta ondo legokeela horren berri ematea herritarrei “propaganda agresiboa” baliatuta. Edo zuzenean propaganda bidaltzea etxeko postontzietara.
Komentatu zuten, baita ere, euren hornitzaile den Co-aliment-ekin berba egiteko asmoa dutela, marjinak txikitzeko aukerak aztertu asmoz. Eta besteak beste, komentatu zuten erakundeetako zein bestelako ateak joko dituztela, dirulaguntzak eskatzeko helburuarekin.