Oreka Art Gallery

"Garai ilun hauek argitzeko artea" aldarrikatu zuten Txopiteak eta Morantak

Ander Gomez 2025ko eka. 4a, 18:00

Pasa den barikuan aurkeztu zuten Ainize Txopitea eta Toni Moranta artistek elkarlanean sortu duten erakusketa: Argia eman. Ekainaren 30era arte bisitatu ahalko da Oreka Art galerian, astegunetan, 19:00etatik 20:00etara.

Duela hogei urte ezagutu ziren Ainize Txopitea (Donostia, 1977) eta Toni Moranta (Palma, 1963). Garai hartan, elkarrekin lan egiteko proposamena mahaigaineratu zuten, baina bizitzaren joan-etorriak tarteko, hortxe geratu zen kontua. Duela gutxi topo egin zuten berriro eta, Ainizek erakusketan esan bezala “hitza inportantea denez”, orduan ekin zioten urteak atzera adostutako proiektuari. Maiatzaren 30ean aurkeztu zuten Oreka Art galerian. Toni Morantaren kasuan, Euskal Herrian egindako lehen erakusketa izan zen Soraluzekoa, eta "urduri eta ilusio handiz" hartu zuen hitzordua.

Inaugurazioan kontatu zutenez, Morantak urte luzez suarekin egindako lanetatik abiatu ziren. Bere esanetan, betidanik interesatu zaio sua "gizakien arteko sozializazioa eragin zuen elementua delako: bere inguruan jarrita sortu ziren lehen harremanak". Txopitearen collagen ekarpenarekin, "are argi gehiago" eman nahi izan diote su horri —hortik erakusketaren izenburua: Argia eman—, eta lortu dutela uste dute: "Lan hauetan Ainizeren collagetako pertsonaiak erretako formen inguruan daude, batzuetan barrura ere sartzen dira, noizbait pizturik egon zen su horren beroa eta argia bilatuz bezala", zioen Morantak. Txopitearen ustez, argi hori bereziki beharrezkoa da "bizi ditugun garai konplikatu hauetan, gatazka garaiotan, zuzenean 'gerra garaiak' ez esatearren". Dioenez, “itxaropena, poesia eta poza erreskatzea” da artearen egitekoa. Hortik aurrerako interpretazioak "libreak" direla esan zuten, eta "erakusketa bisitatzera animatzen diren soraluzetarren esku" uzten dituztela.

Aitaren obrak ikusgai

Ainize Daniel Txopitea euskal artista ezagunaren alaba da eta erakusketan bere obrak ere aurki daitezke.
Daniel Txopitea (1950-1997) Ermuan jaio zen eta urte luzez Eibarren bizi izan zen, Zarautzera ezkondu zen arte. Bere obrak pintura, eskultura, poesia, diseinua eta argazkigintza barne hartzen ditu, eta horren mostratxo bat ikusteko aukera dago alabaren Argia eman erakusketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.