0 KM KOMERTZIOAK

Modeloak behar dira Bizikaleren moda desfilerako

Ubane Madera Zangitu 2025ko eka. 3a, 09:24

Bizikaleko Raquel Criado moda desfilearen kartelarekin, atzo, astelehena.

Ekainaren 13an, barikua, BizikaleFest azoka eta moda desfilea egingo dute Plaza Zaharrean. Azokari dagokionez, goizetik plazara aterako dituzte euren produktuak 9 bat saltokik. 19:30ean, berriz, alfonbra gorria jarri eta desfilea egingo dute KLB6ko, Biankako eta Kooperatibako arropekin. Bizikaletik esan dutenez, dozena erdi bat modelo behar dituzte desfilea osatzeko, denetariko herritarrak. Parte hartu nahi duenak barikua baino lehen eman behar du izena. Ikus hemen 2018ko moda desfilearen laburpena.

Egun betea antolatu du Bizikale merkatari elkarteak ekainaren 13rako, barikua: azoka gehi moda desfilea, BizikaleFest izenarekin. 10:00etarako gertu izango da azoka. Plaza Zaharrean jarriko dituzte euren postuak honako saltokiek: KLB6k, Biankak, Kooperatibak, Likaik, RKL-k, Iratxo Goxo-dendak, Criado fruta-dendak, Triskelek,  Autoservicio Amparok eta Belarrak-ek.

19:30ean, berriz, moda desfilea hasiko da. Kasu horretan, KLB6-ren, Biankaren eta Kooperatibaren jantziekin desfilatuko dute 15 bat modelok. Kalerako, etxerako, hondartzarako… jantziak erakutsiko dituzte. Alfonbra gorria jarriko dute desfilerako, orrazkera eta makillaje kontuak Biankak eta RKL eta Mabel ile-apaindegiek egingo dituzte eta guztia egongo da Belarrak saltokiko landarez eta lorez apainduta. Gainera, amaieran, landare eta lore horiek zozketatu egingo dituzte azokako erosleen artean.

Desfilerako modeloak behar dira

Alfonbra gorrian ibiliko diren modelo lanak egiteko, berriz, dagoeneko badaude hainbat lagun aukeratuta. Baina 15 bat laguneko taldea osatu nahi dute eta horretarako, 6 bat modelo gehiago nahiko lituzkete. Bizikaletik esandakoaren arabera, edozein motako modeloak behar dituzte, baita umeak ere. “Gogoa” izatea besterik ez da behar.

Interesa duenak barikua du izena emateko azkeneko eguna. Horretarako Mapfre aseguru etxera jo dezake.

Bizikaleko Ainhoa Ibarzabal ordezkariak esandakoaren arabera, BizikaleFest eguna antolatu dute herriari “anbientea emateko eta jendeari ezagutarazteko Soraluzeko dendetan zer dagoen eta zer zerbitzu eskura daitekeen. Bestalde, beste herri batzuetan ere egiten dira moda desfileak eta oso politak izaten dira”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.