Orain, alderdi politikoen babes bila

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 28a, 11:02

Herri Ekimen Legegilearen aldeko 145.000 sinadura pasa Legebiltzarrean entregatu ondoren, orain, alderdi politikoen ateak joko ditu Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. Halaxe jakinarazi zuten asteleheneko elkarretaratzean. Mahai-gainean izan zituzten bestelakoen artean, besteak beste, enpresa handiek ordaintzen dituzten zerga baxuak salatu zituzten.

Asteon, gutunak bidali dizkie pentsiodunen mugimenduak Bildu, Sumar, PP, EAJ eta PSE-EE alderdiei, baita Lehendakariari ere. Uste dute haren alde batutako 145.000 sinadurek “entzutea merezi” dutela. Halaxe azpimarratu zuten asteleheneko elkarretaratzean.

Bestelako gaien artean, berriz, jakinarazi zuten gizonek 1.800 euroko kalte-ordainak eskuratu ditzaketela ekarpen demografiagatiko amatasun-osagarrirako eskubidea aitortuta. Orain arte, emakumeek bakarrik zuten eskubide hori baina 2019ko epai batek gizonei ere aitortu diete eskubidea.

Azkenik, asteleheneko batzarrean salatu zutenez, 750 milioi euro baino gehiago fakturatzen dituzten enpresek %1,34 ordaintzen dute zergetan batez beste. Eta Espainiako 23 multinazionalek %5 baino gutxiago ordaintzen dute euren etekinengatik.

Gogora ekarri zutenez, duela urte batzuk, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) ezarri zuen multinazionalek gutxienez beren irabazien %15eko tasa efektiboa ordaindu behar zutela. Baina gaineratu zuten, hori ez duela “ia erakunde bakar batek ere errespetatzen, eta erakunde politiko edo zerga-agentzia bakar batek ere” ez duela “neurririk hartzen eta ez du eskurik sartzen ez-betetze horren aurrean”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.