OSOKO BILKURA

Soraluze tentsio-eremu izendatzeko eskatuko du formalki Soraluzeko Udalak

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 27a, 11:12

Soraluze etxebizitza merkatuko tentsio-eremu izendatu dezaten eskatuko du Soraluzeko Udalak. Tentsio-eremu izendatuz gero, Soraluzeko Udalak Etxebizitza Plan bat egin beharko du. Halaxe onartu zuen udalbatzarrak joan den asteko osoko bilkuran. PSE-EEk aurkeztu zuen tentsio-eremu izendatzeko eskaria mozio bitartez, EH Bilduk “gehikuntza bat proposatu” zuen eta udalbatzarrak aho batez onartu zuen guztia.

Soraluze Udalak aho batez onartu zuen Soraluze etxebizitza merkatuko tentsio-eremu izendatzeko eskaera formala egitea. Tentsio-eremu izendatzeko ezarritako irizpideetako bat betetzen du Soraluzek, alegia, 2018tik 2023ra %19,6 baino gehiago igo dela alokaiuraren prezioa. Soraluzeren kasuan, %19,9 egin du gora.

Bada, tentsio-eremu izendatzeak ekarriko du, besteak beste, “alokairu-merkatu horretan esku hartzeko” aukera izango dela, horixe baita “tentsio eremuaren izendapenaren, 12/2013 Legearen neurrietako bat”.

Horrekin batera, ahalbidetuko du “alokairu-errenten hazkundearen gaineko kontrola”, eta ahalbidetuko du baita ere muga bat “kasu jakin batzuetan, errentak finkatzeari dagokionez”.

Hiru urterako plana

Zuzenean aplikatu daitezkeen neurri horiez gainera, eguenean onartutako mozioaren arabera, “tentsionatutako eremu izendatzeko eskaerak, Udalari eskatzen dio, baita ere, etxebizitza plan bat egitea”. Plan horretan 3 urterako neurri espezifikoak jaso beharko dira, “egoerari aurre egiteko jarduketak zehaztuko” dituztenak.

Zehaztutakoaren arabera, “neurri horiek erakundeen arteko lankidetza eskatuko dute Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, eta horien artean arrazoizko prezioan alokairuko etxebizitzak kudeatzaile publikoen bitartez merkaturatzeko politikak bultzatzea sartzen da”.

Osoko bilkuran jakinarazi zutenez, Etxebizitza Plana egiteko, besteak beste, erabiliko dituzte Aztiker Soziologia Elkarguneak etxebizitzei buruz egindako diagnostikoa zein Udal Gobernuaren ekimenez, etxe hutsen jabeekin egin den lanketaren emaitzak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.