Udalbatzarra

Piboteak, kamerak eta egoitzarako generadorea

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 26a, 09:03

Joan den asteko osoko bilkuraren amaieran, Iker Aldazabal oposizioburuak hiru gai mahai-gaineratu zituen galde-eskarien atalean: herriko piboteen egoera, zaintza-kamerak jartzea Baltegieta-Sagar Erreka inguruan eta egoitzako generadorearen falta.

Piboteen gaiari dagokionez, Iker Aldazabalek gogora ekarri zuen iazko maiatzean, eurek prentsa-ohar bidez eskatu zutela pibote hidraulikoen sistema konpontzea. Orduko hartan, konoak zeuden jarrita piboteen ordez. Aldazabalek, argazki bidez erakutsi zuen zelan gaur egun “konoetatik pasatu” garen “hesira”, horrek gidariei ekartzen dizkien “arazoak” aipatuz.

Gaineratu zuen 37.700 euroko aurrekontua zegoela Santa Anako pibotea, Gaztetxe parekoa eta Gabolatsekoa zaharberritzeko. Aldazabalen esanetan, abenduko Hirigintzako batzordetik gaur egunera arte, aldiz, ez dute gaiari buruz beste jakin ezer eta galdetu zuen zein “aurreikuspen” duen Udal Gobernuak “horiek zaharberritu eta sistema martxan jartzeko”.

Gaiari erantzunez, Unai Larreategi alkateak puntualizatu zuenez, 37.700 euroko partida hura zen “sistema aldatzeko, ez piboteak zaharberritzeko”.

Dena delakoa ere, alkateak jakinarazi zuen Udal Gobernuan “hausnarketa” egiten ari direla gaiari buruz, gauza batzuk “birpentsatzera” eraman baititu oraingo egoerak.

Oposizioari erantzun zion ”ekaineko osokoan” izango dutela gaiari buruz debatitzeko aukera. Eta esan zuen hori baino lehen, gobernuak egindako hausnarketa oposizioarekin partekatuko dutela oposizioak ere buelta bat eman diezaion gaiari eta gobernuak duen planteamendua zein den ikus dezan. Azaldu zuenez, “planteamendu hori berehala martxan jartzeko aukera dago”.

Kamerak

Bestalde, herriko sarrera-irteeretako kamerak ere izan zituen hizpide Aldazabalek. Gogora ekarri zuenez, kamerak jarrita daude Txurrukenen eta poligonoan eta faltako litzatekee Baltegieta-Sagar Errekan azkena jartzea. Esan zuenez, jendeak gaiari buruz galdetzen dihardu.

Alkateak erantzun zionez, jartzeko erabakia hartuta dago. Baita aurten jarriko zela ere. Baina nahi dute analizatu “gaur egungoa baino eraginkorragoa izango zen sistema batera joateko aukera”.

Larreategik esan zuenez, 2025eko lehen bost hilabeteotan ez dute aukerarik izan hori garatzeko baina espero du urtea martxan jartzeko aukera izatea, “konpromisoa” hartuta dago, ahalegina” egingo dute martxan jartzeko.

Egoitzako generadorea

Azkenik, bai Iker Aldazabalek zein Patricia Borinagak Mesedeetako egoitzako generadorearengatik galdetu zuten.

Aldazabalek esplikatu zuenez, itzalaldia gertatu zenean jakin izan zuten oraindik egoitzak ez duela generadorerik eta egoerarekiko kezka partekatu zuen, besteak beste, esanez, ikuskaria deika ari dela egoitzara.

Borinaga sozialistak ere partekatu zuen kezka, azpimarratuz gerta daitekeela berriro egoitzako egoiliarrek generadorearekiko mendekotasuna izatea eta gaiari lehentasuna ematea eskatu zuten.

Unai Larreategik, biei erantzunez, gogora ekarri zuen Gabonetan luizia gertatu zela egoitzan eta horrek hainbat apurketa eragin zituela, besteak beste, egoitzako galdarena. Larreategik azpimarratu zuen haiek, lehentasuna izanda, jarri zirela martxan.

Generadoreari buruz, berriz, esan zuen momentuz ezin dela lurpetik atera, “hura ateraz gero, ez dakigu zer gertatuko litzatekeen”. Esan zuenez, egoerari buruzko txostena eskatu eta etorri da, baina “bitartean” itzalaldia gertatu da.

“Ekarri ahal zen bigarren generadore bat, baina inori ez zaio okurritu. Denok ikasten dugu. Justu orain tokatu da itzalaldia eta guri kointziditu digu luiziarekin. Ea ahalik eta azkarren exekutatzen ditugun horko kontuak, pasatzen bada berriro prest egon gaitezen”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.