OSOKO BILKURA

Esther Cruzek beteko du Ainara Osororen lekua Udal Gobernuan

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 23a, 17:19

Ainara Osoro Txurruka atzoko osokoan.

Atzoko osoko bilkuran, Ainara Osoro Txurruka zinegotziak jakinarazi zuen uko egingo diola zinegotzi karguari ama izan behar delako. Berdintasun batzordeburua izan da laster bi urte beteko dituen EH Bilduren Udal Gobernuan Osoro. Bada, aurrerantzean, Esther Cruzek beteko du hark lagatako lekua. Kargu uztearen berri eman ondoren, udal ordezkaritza duten alderdi guztiek berba onak eta eskerrona helarazi zioten Ainara Osorori.

Atzo, Ainara Osoko Txurrukak hunkituta jakinarazi zuen bere zinegotzi kargua lagako zuela, zaintza-lanei dedikazioa eskaintzeko helburuarekin, “pena handiarekin eta herrikideei oso eskertuta”. Familiari eta taldekideei ere eman zizkien eskerrak, “egon diren akatsengatik” barkamenak eskatu zituen eta gaineratu zuen “ohore handia” izan dela Soraluzerengatik lan egitea, adieraziz “Plaentxiak hainbeste merezi” duela. “Herrigintzako bidean jarraituko gara ikusten eta eskerrik asko”, bukatu zuen.

Eskerron eta berba onak denengandik

Haren ondotik etorri ziren gainerako udal alderdien ordezkarien berba onak.

Iker Aldazabal jeltzaleak honakoa adierazi zuen, besteak beste: “Pena bat da, badakigu ze dedikazio eta esfortzu suporatzen duen udal jardunak. Jendea ez dago udal kudeaketan esku bat botatzeko; gehienbat izaten da kritikak egiteko. EAJren aldetk zorte on ama izateko ibilbide berrian. Animo eta lagun moduan, gurekin kontatu”.

Patricia Borinaga sozialistak honakoa gehitu zuen, hura ere hunkituta: “Plazer bat izan da zurekin lan egitea eta bizitzako onena opa dizut”.

Azkenik, Udal Gobernuaren izenean, Unai Larreategi alkateak ere asko eskertu zion egindakoa zein zinegotzi izatera animatu izana eta azpimarratu zuen agur bat baino gero arte dela esan nahi diotena.

Agurren ondoren, alkateak jakinarazi zuen Esther Cruz izango dela aurrerantzean Ainara Osororen lekua beteko duena eta erabakia firme izango dela Hautets Batzordeak jasotzen duenean hori. Gaineratu zuen, hurrengo osokoan izendatuko dutela ordezkoa formalki eta batzorde aldaketen eta bestelakoen berri aurrerago joango direla ematen. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.