OSOKO BILKURA

Kalteak jasan dituzten negozioei zerga hobariak eta laguntza ematea erabaki zuen osokoak

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 23a, 15:58

Atzo, eguena, udalbatzarrak erabateko adostasunez onartu zituen osokoan aurreikusitako gai guztiak. Besteak beste, erabaki zen ustekabekoren baten ondorioz -suteak, ekaitzak, haizeteak…- enpresaren batek kalteak jasan baditu, hari %95eko hobaria aplikatzea eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean, aktibitatea berreskuratzeko erraztasunak eta laguntasuna emateko helburuarekin.

Atzo, eguena, 11 gai lantzea zuen aurreikusita udalbatzak eta guztiak onartu egin ziren, aho batez, gainera. Nahiz eta gero, hori bai, oposizioak hainbat puntualizazio eta eskaera egin.

Onartutakoen artean, adostu zuten, burokrazia kontuak tarteko, 2024ko aurrekontuaren kontu orokorra onartzea eta Ezozibidea auzoan eraikinak birgaitzeko 2. faseko dirulaguntzen doiketa egitea.

Horrez aparte, aho batez onartu zuten, baita ere, eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalaren aldaketa egitea. Kasu horretan, erabaki zen %95eko hobaria aplikatzea eraikuntza, obra eta instalazioen gaineko ordenantza fiskalean ustekabeko baten ondorioz kalteak jasan dituzten enpresei.

Ustekabeko horien artean kontenplatzen dira sutea, haizetea, ekaitza, uholdea, leherketa eta halakoak. %95eko hobaria, berriz, aplikatuko zaio ustekabeko edo halabeharrezko gertaerak eragindako konponketak egiteko behar den obraren aurrekontuaren zatiari.

Puntu hori lantzeko eta onartzeko arrazoia edo abiapuntua izan zen martxoan Sagar Errekan dagoen Galvanizados Arrate enpresan izandako sutea. Eta helburua da, halako zoritxarreko gertaeraren bat jasan duten enpresei euren jarduera berreskuratzeko laguntasuna ematea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.