“Aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala”

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 21a, 16:10

Pozik daude pentsiodunak Herri Ekimen Legegilearen (HEL) alde lortu dutenarekin. Halaxe partekatu zuten asteleheneko elkarretaratzean. Jakinarazi zuten maiatzaren 15ean EAEko parlamentuan 145.142 sinadura utzi zituztela (48.039 Gipuzkoakoak),” aurrekaririk gabeko mobilizazio soziala” egin dutela “ziurtatzen dutenak”. Orain, gobernuari eta parlamentuari eskatu diote HELa aintzat har dezala, eta azpimarratu dute ez dagoela “hori eragozten duen inolako arrazoirik, ez eskumen alorrekorik, ez ekonomikorik”.

Aste honetako elkarretaratzea eskerrak ematekoa eta zoriontzekoa izan da pentsiodunendako, Herri Ekimen Legegilearen alde lortu duten babesarengatik.

Behin hor eginda, EAEko gobernuan zein Legebiltzarrean jarri zuten begirada, haiek baitute eskaerari bide emateko eskumena: “Egin behar genuena egin dugu. Baina oraindik ez dugu lortu. Orain EAEko gobernuak eta Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzea erabaki behar dute, Legebiltzarreko osoko bilkuran eztabaidatu eta bozkatu dadin; parametro demokratiko zorrotzetatik, ez dago beste aukerarik. Ez dago hori eragozten duen inolako arrazoirik, ez eskumen alorrekorik, ez ekonomikorik".

Eta ildo beretik eskatu zioten EAEko gobernuari zein parlamentuari “kontsekuenteak izan daitezela beren helburu nagusiarekin, hau da, euskal gizarte justu eta bidezkoa eraikitzea, genero-ekitatean eta aberastasunaren banaketa bidezkoan oinarritua”.

Mezu baikorrarekin bukatu zuten aste honetako mobilizazioa: “2018an, gure mobilizazio masiboen ondoren, pentsioen errebalorizazioa KPIarekin lotzea lortu genuen. Eta 2025ean gutxieneko pentsioa eta lanbide arteko gutxieneko soldata parekatzea lortuko dugu”.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.