Atxotegi-Balerdik Debarroko txapelketako ligaxkako azken partida jokatuko dute gaur etxean

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 20a, 10:22

Gaur, martitzena, Debarroko Pilota Txapelketako Nagusien mailako ligaxkako azken partida jokatuko dute Araneko frontoian, 19:00etan hasita. Soraluzeko Pilota Elkarteko Aitor Atxotegik eta Manex Balerdik aurkari izango dituzte Oñatiko Aloña Mendi taldeko Madinabeitia eta Biain. Soraluzekoek irabaziz gero, zuzenean sailkatuko dira  finaletara, orain arteko partida guztiak irabazi baitituzte. Finalak Eibarko Astelena pilotalekuan izango dira ekainaren 15ean, 11:00etan.

Aurreko astean ere jokatu zuten Debarroko Pilota Txapelketako partida Soraluzeko Pilota Elkarteko pilotari Atxotegik eta Balerdik. Kasu horretan, Eibarko bikotea izan zuten aurkari eta 22-7 irabazi zuten etxekoek Aranen jokatu zuten partida. Gainera, nabarmena izan zen bi bikoteen arteko aldea Soraluzeko ordezkarien mesedetan.

Hura ere irabazita, orain arte jokatutako partida guztiak irabazi egin dituzte Soraluze Pilota Elkarteko ordezkariek eta gaur, martitzena, dute ligaxkako azken eskuz binakakoa, Oñatitik etorriko diren Aloña Mendi taldeko Madinabeitia eta Biain pilotarien kontra.

Gaurkoa ere irabazten badute, Soraluzeko ordezkariak zuzenean sailkatuko dira ekainaren 15ean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko diren finaletara -11:00etan-. Dena den, oraindik ez dira finalistak erabaki. Besteak beste, Bergarak eta Eibarrek elkarren kontra jokatu beharko dute eta orduantxe erabakiko da finalerdiak non jokatuko diren eta zein bikote sailkatuko den finalera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.