Itxura onarekin hasi zen atzoko arratsaldea Unben. Sora animatzera zihoazen zaleendako autobusak bi buelta eman behar izan zituen guztiak eraman ahal izateko, eta harmailek gehiago ziruditen Ezoziko futbol zelaikoak Unbekoak baino. Pankarta ere eraman zuten.
Eguraldia ederra eta giroa baikorra zen. Eta Sorakoek urduri baina indartsu ekin zioten norgehiagokari, erasoan. Gainera, partida hasi eta gutxira ezustekoa etorri zen. Eibartarrak taldeko atezainak besoarekin aldendu zuen baloia areaz kanpo eta epaileak txartel gorria atera zion.
Atezainaren hutsunea betetzeko, Eibartarrak taldeak jokalari bat ipini behar izan zuen atezain, bigarren atezaina lesionatuta baitzegoen. Egoera aprobetxatu eta handi gutxira sartu zuen Sorak lehen gola, Iker Urkiriren eskutik.
Baina, ezustean baita ere, Eibartarrak taldearen berdinketa etorri zen lehen zatia bukatu aurretik, eta, banakoarekin joan ziren atsedenera.
Berriro berdinketa
Handik bueltan, bigarren zatia hasi eta gutxira lortu zuen Sorak bigarren gola sartzea, Markel Gilen eskutik hura. Horrek indarberritu egin zuen taldea eta hirugarren gola ere izan zuten amets. Baina haren ordez, Eibartarrak taldearen berdinketa etorri zen.
Noski, horrek goratu egin zuen Eibarko taldea eta indarrak eman. Sorakoek, hala ere, ez zuten amore eman, ekin eta ekin jardun zuten, baina ez zuten sareratzerik lortu eta berdinketarekin amaitu zuten partida.
Ordurako jakinekoa zen sailkapeneko inguruko gehienek lortu zituztela Sorak baino puntu gehiago eta tristura nagusitu zen jokalarien zein zaleen artean, dena eman arren, ez zelako nahikoa izan. Hala ere, etxeko taldeak egindako ahalegina eskertu zuten zaleek eta jokalariek ere bai haiek emandako babesa. Hartara, elkarri txaloka bukatu zen jardunaldia.