Oier: "Nik etxean jaso dut euskara eta zortea dut lagun artean ere egiteko ohitura daukagulako. Lanean, mekanizatuaren munduan, denetik dago eta dakitenekin saiatzen naiz euskaraz, baina batzuetan ezin dut. Futbola, berriz, taldeko kirola da eta baten batek ez dakienean, gaztelerara pasatzen gara. Aurten entrenatzailea euskalduna da eta azalpenak euskaraz ematen ditu. Horrek lagundu du asko ez dakitenek ere euskaraz egiten. Gazteekin, batez ere, klabea da euskaraz erakustea.Guk ez badiegu erakusten...
Euskalduntzat daukat nire burua, baina baditut puntu ahul batzuk, batez ere lanean eta futbolean. Nahi dut dakitenekin lehenengo hitza euskaraz egiteko ohitura hartzea.
Aitor: "Euskaraldiari esker sortu zait kontzientzia eta izan ditut elkarrizketa elebidunak. Euskaraz ez dakien horrek belarria egiteko eta ikasteko modu bat da. Nik izan ditudan esperientzietan, eskertu ere egin didate eta asmoa dut gero eta gehiago egiteko.
Pilota, berriz, denok euskaraz jasotzen dugu telebistatik eta umeak pilota eskolara datozenean, euskaraz egiten dute. Plazan igual gazteleraz dihardute, baina frontoian euskaraz. Entrenatzaile gisa erreferente garen bezala, hizkuntzarekin ere izan gaitezke.
Hamaikakorako gonbidapenak ilusioa eta ardura puntu bat sortu dizkit. Sumatu dut dakidanean besteak ez dakiela, zuzenean erdaraz hasten naizela eta Euskaraldian ohitura hartu nahi dut euskaraz hasteko".