Hasi da Euskaraldia eta 452 plazentziatarrek eman dute izena

Egoitz Unamuno 2025ko mai. 14a, 13:28

Egunotan, 30 boluntariok baino gehiagok egin dituzte txandak Euskaraldiko mahaian.

Gaur, eguena, hasi da Euskaraldia eta gaur eguerdirako 452 herritarrek eman dute izena Ahobizi eta Belarriprest moduan. Gaur arratsaldean, kalean izango da txapak jasotzeko aukera. 

Dagoeneko hasi da Euskaraldiaren 4. edizioa eta Euskaraldiaren Batzordearen arabera, eguerdirako, Soraluzen, 452 herritarrek eman dute izena, Ahobizi moduan %65ak eta Belarriprest moduan %35ak. Generoari dagokionez, parte hartzaileen artean %65a emakumezkoak dira eta %35a gizonezkoak.  Euskaraldia Hika, berriz, 156 herritarrek aukeratu dute, hitanoa entzuteko edo praktikatzeko borondatez.   
Herriko hainbat talde eta erakundek argazkiak atera dituzte Euskaraldiari publikoki atxikimendua adierazteko. 
 

Txapak jasotzeko modua

Gaur, arratsaldez, 18:00etatik 19:30era bitartean Euskaraldiko mahaia egongo da, izena eman eta txapak jasotzeko. Hurrengo egunetan, berriz, Euskaraldiak dirauen hamaika egunetan, txapak Pil-pileaneko bulegoan jaso ahal izango dira goizeko 9:30etik 13:00etara bitartean. 
 

Hasierako ekitaldia: txapa jaztea eta txupina 

Lehen egunean, Euskaraldiko Batzordeak hasierako ekitaldia antolatu du Plaza Barrixan, txupina bota eta Euskaraldia hasi dela elkarrekin ospatzeko. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan abiatuko da eta herriko hainbat eragilek parte hartuko dute: Bertsora bertso eskolako ikasleek, Diadar taldeko txistulariek, buruhandiek... Horrekin batera, Batzordeak neska-mutikoak gonbidatu ditu bertaratu daitezen, etxean dituzten buruhandi edo buruarinak jantzita, guztien artean, ariketari, festa-giro alai eta umoretsuan ekiteko.
 

Arau sozial berriak 

Hiztunen artean hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa erraldoi moduan abiatu zen Euskaraldia 2018an eta laugarren edizioan ere helburu bera izaten jarraitzen du: parte-hartze masiboaren bitartez, euskal hiztunen artean ohitura edo arau sozial berriak ezartzea, euskaraz egitea errazagoa izan dadin.  

Nagusiki, hiru ohitura edo arau dira Euskaraldiak herritarren artean indartu nahi dituenak: (1) Euskaldunak euskaldunari euskaraz egitea; (2) Edonori, edonoiz eta edonon lehen hitza euskaraz zuzentzea beti; eta (3) Ulertzen duenarekin euskaraz jarraitzea, berak erdaraz egin arren (elkarrizketa elebidunak). Hain zuzen, edizio honetako leloak mugitzea proposatzen die herritarrei ohitura berri horiek ezartzeko: Elkar mugituz lortuko dugu!

Arianne Unamuno dinamizatzaileak gogorarazi duenez, “Soraluzeko biztanleen %58ak “euskaldun” eta %17ak “ia-euskaldun” moduan izendatzen du bere burua, guztira, %75ak euskaraz ulertzen du eta, ondorioz, gakoa da euskararen erabilera errazten duten arau edo ohiturak ezartzea, erabilerak gora egin dezan. Gainera, Iñaki Iurrebaso soziolinguistak azaldu duenez euskaldunek matematikoki probablea dena baino gehiago egiten dute euskaraz eta ondorioz, uste zabalduaren kontra, euskal hiztunok leialak gara gure hizkuntzarekiko. Dena den, etorkizunean euskaraz biziko bagara, euskaldunok ohiturak aldatzeko bidean sakontzen jarraitu beharra daukagu, erabilerarako baldintza egokiak sortzen. Horretarako da Euskaraldia”. 

Hurrengo egunetako egitaraua

Batzordeak eta herriko eragileek hainbat ekimen antolatu dituzte Euskaraldiak iraungo duen hamaika egunetarako. Ondorengoak dira:
 

Maiatzak 17, zapatua

Mural margotzea

Frontoian, 11:00 (bereziki familientzat)

Ondoren, txokolate-jana parte-hartzaileentzat

Izena eman: Gaztelekuan


Maiatzak 18, domeka

Euskaraldiko ihes gela

Plaza Barrixan, 18:00 (nerabeentzat)

(Euria bada, Gaztelekuan)

Izena eman: Gaztelekuan


Maiatzak 19, astelehena

MINTZODROMOA

Frontoian, 15:00

Izena eman: 601602347 / pilpilean@pilpilean.eus


Maiatzak 21 ,22 ,23

Kale kantoian jolasian

Frontoian (familientzat)

Izena eman: ludoteka, gaztelekua edo online


Maiatzak 23, barikua

Irakurketa irekia

"Santiago bidearen misterioa"

Liburutegian, 11:00


HIKAFARI-MERIENDA

Allegron, 19:00

Izena eman: 601602347 / pilpilean@pilpilean.eus


Maiatzak 24, zapatua

Eskola kiroleko azken eguna

Ginkana ume eta gurasoentzat

Frontoian, 11:00

Izena eman: 601602347 / pilpilean@pilpilean.eus

 

Kutxa margoketa

Nerabeentzat

Herrigunean zehar, 11:00


Maiatzak 25, domeka

"Pausa" zirko ikuskizun musikatua

(Kale margoketa lehiaketarekin batera)

Plaza Zaharrean, 12:45

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.