Sorak autobusa ipiniko du zapatuan Unbera joateko

Ubane Madera Zangitu 2025ko mai. 14a, 13:08

Zaleak joan den zapatuan, Ezoziko futbol zelaian. Argazkia: Jon Agirre.

Zapatuan, hil ala biziko partida dauka Sorako Gorengo mailako taldeak. Maila ziurtatzeko beharrezkoak ditu hiru puntuak, baina egoera berean dago arerio izango duen Eibartarrak taldea. Gainera, haien etxean jokatuko dute norgehiagoka -Unbe, 17:30-. Beraz, indar guztiak beharko dituzte, eta horren jakitun, Sorak autobusa antolatu du soraluzetarrak taldeari bultzada ematera joan daitezen. 16:15ean abiatuko da Zubi Nagusitik eta 20:00etan bueltatu. Debalde da eta ez dago izena eman beharrik.

Zapatuan, emozioz betetako Liga amaiera horietako bat izango da. Gorengo mailari eusteko lehian ari diren  sailkapeneko 8. postutik 15. postura bitarteko taldeek puntu eskasen aldea dute elkarren artean. Beraz, maila ziurtatzeko norberak bere partida irabaztea garrantzitsua izango bada ere, berdindu edo galtzen den kasuetan, ingurukoek zer egiten duten erabakigarria izango da. Ikus sailkapena:

Denboraldi amaiera bikaina

Soraren kasuan, puntu bakar bat gehiago duen Eibartarrak taldearen kontra jokatzea tokatzen zaio azken jardunaldian. Beraz, biendako hil ala biziko partida izango da zapatukoa.

Hori bai, Sorak bere alde izango du egiten ari den denboraldi amaiera bikaina. Azkena joatetik, partida bat berdindu eta gainontzeko guztiak irabazi egin ditu. Horri esker, orain 12. da sailkapen orokorrean.

Autobusa zaleendako

Baina ez dauka maila ziurtatuta, horrexegatik, nahi dute zaleen hauspoa ere izan. Eta autobusa antolatu dute zapatuan Unbera joan daitezen. 16:15ean da irteera zubitik eta 20:00etan itzulera. Doan da eta ez dago izena eman beharrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.